Torturaren biktimak aitortzeko neurriak eskatu dituzte, Joxe Arregi gogoan hartuta

Xabier Lasa 2024ko ots. 18a, 20:06

Asteartean 43 urte bete ziren Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra torturapean hil zutela Madrilgo polizia etxean, eta bere jaioterrian omendu dute, eguardian. Jende mordoa erakarri duen ekitaldian, torturak jasandako Aritz Lopezek torturaren errealitatea aitortzeko hainbat neurri har ditzaten eskatu die erakunde publikoei. Kronika, argazki-bilduma eta hiru bideo, ikusgai:

Maribi Arregi, Joxe Arregiren arrebak eta gainerako sendiek lore eskaintza egin dute torturaren biktimen alde Koldobika Jauregik sortutako Barne Kanta eskulturan, eta Bukalai taldeko Garazi Ollakarizketak eta Jare Urkolak aurreskua dantzatu dute oroigarriaren aurrean.

Olaia Toral abeslari billabonatarrak Itsasoa gara (Ken Zazpi) interpretatu du, eta Beñat Zeberio Asteasuko bertsolari gazteak lau bertso abestu ditu. Hona lauak (doinua: Mendian gora haritza):

Haien kobardian trebe

ixiltasuna hartuz fede

azaldu nahian nor den artzaia

eta nor abere

nahiz litzakeen mesede

aitortza egitea lege

torturarekin jarraitzen dute

hil ostean ere (bis).

 

Tolosatik zenbat datu

gaztetxo bat ingresatu

dute ertzainengandik tiro bat

begin jaso baitu.

Hala ere, tirokatu

zuenak ez du onartu.

40 urte ondoren gauza ez da

asko aldatu (bis).

 

Oraindik daude mutu ta

gainera tortura uka

eduki arren gizon bat hamar

egunez lotuta

justizia alde hartuta

ez zigor, ez epai, multa

haien etxean isilik eta

kondekoratuta (bis).

 

Erredurak, ubelduak

ageri zitun gorpuak

guardia zibilen kuartelan forma

dauka infernuak

ez gaitzala ito suak

izan lotuaz eskuak

baso bat erre ostean hazten

ohi diren kimuak (bis).

 

Torturatuen ekimen berria

Egiari Zor elkarteak antolatu du ekitaldia, eta bere izenean, torturak jasan zituen Aritz Lopez tolosarrak hartu du hitza.

Lopezek gogorarazi du egunotan torturaren aurkako egitasmo berri bat abian jarri dutela, Euskal Herriko Torturatuen talde sustatzaileak Bilbon plazaratu duena, alegia. "Torturatuok elkarrekin marraztu nahi dugun aitortzaren eta erreparazioaren bidean elkartu, babestu eta eragile aktibo bilakatzekoa; gure hausnarketatik abiatuta agenda, bide-orria eta aldarrikapen propioak marratzeko asmoa duena”.

Alde horretatik, deialdia luzatu du “tortura pairatu zuen orori animatzen diogu egitasmo horretan parte dezan”.

 

5.479 torturatu zehazten dituzten txostenak

Atzera begira jarrita, Lopezek adierazi duenez, “tortura frankismotik herenegun arte Euskal gatazka politikoaren testuinguruan indarrean aritu den Estatu-bortxa mekanismoa izan da, edozein izanda ere Gobernuaren perfil politikoa; edozein izanda ere gorputz polizialaren kolorea edo sinatutako nazioarteko itunen edukia”.

EAEko eta Nafarroako gobernuen aginduz EHUko Kriminologia Institutuak torturaren inguruan egindako txosten bana, 5.379 tortura-kasu zehaztu dituztenak, aipatu ditu segidan. “Argi adierazten dute sekula zigortu gabeko krimen sistematiko baten aurrean gaudela, urte luzez aurrera eraman dena Polizia Nazionalaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren komisaldegietan. Ikerketa hauetatik kanpo geratu dira ordea, Estatu espainiarrean torturatuak izan ziren ipar euskal herritarrak; izan badira, eta errealitate honi ere erantzun beharra dago”.

 

Torturarekin amaitzeko neurriak

Torturaren dimentsioarekin bukatzeko hartu beharreko neurriak oraindik asko eta funtsezkoak direla gaineratu du Lopezek, “berriro gerta ez dadin eta torturatuen komunitateari zor zaion aitortza eta erreparazioa integrala eta parekidea izan dadin”.

Neurri horiek zehaztu ditu, ondoren. “Torturaren erabilera ahalbidetu duen estruktura desegin; atxiloaldi inkomunikatuaren erregimena bertan behera utzi; Estatu espainiarraren indar armatuak Euskal Herritik atera; parametro demokratikoetara egokitutako eredu polizialaren inguruko hausnarketa sakona bideratu; torturaren erabilera prozesala eten eta atzera begirako erabilpen horren ondorioak aztertu eta erreparatu; bizirik suertatu zirenen banakako eta taldeko konponketa integralerako baliabideak; torturaren fenomenoan logika patriarkalek eta heteronormatiboek eragindako zauriak sendatzeko berariazko programak barne”.

Tortura kasuak ofizialki aitortzeko legezko mekanismoak abian daudela eta emaitzak ematen ari direla aitortu du Lopezek: “Besteak beste, aitortuak izan dira Guardia Zibilaren, polizia nazionalaren eta baita Ertzaintzaren esku torturak jasan zituzten pertsonak”. Nolanahi ere, prozesu hau motelegia izaten ari dela salatu du, “azkarragoa eta eraginkorragoa izan dadin baliabideak jarri behar dira”.

Azkenik, bi aldarrikapen nagusi erantsi ditu: “bortxa instituzionalaren adierazpen zital honek 14 pertsona hil zituen herri honetan, eta berariazko aitorpena eta erreparazioa” eman behar zaiela, eta aldi berean, torturatuen errealitateak “memoriaren alorreko politika publikoen parte” izan behar duela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!