“Argentinara errodatzera goaz datorren astean”

aiurri 2024ko api. 6a, 18:00

Hamar bat urte bete dira Patxi Bisquertek Pello Mari Otaño Zizurkilgo bertsolari ospetsuari lotutako Ombuaren Itzala filmaren egitasmoa abian jarri zuenetik (2021ean Aiurrirekin egindako elkarrizketa, hemen). Zizurkilen bertan, grabaketari ekin aurreko azken aurkezpena egingo du. Atxulondo kultur etxean izango da, apirilaren 9an, asteartearekin, 19:00etatik aurrera.

Azaltzerik bai, Zizurkilgo ekitaldiaren nondik norakoa?

Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartetik deitu zidaten erranez datorren asterako ekitaldi batzuk antolatu zituztela eta horien artean gure proiektua (Ombuaren Itzala filma) berriro aurkeztea gustatuko litzaiekeela. Eta, noski, Otañoren memoria hain gartsuki gordetzen dutenei nola ez kasu egin?

Azken aurkezpena izango dela adierazi duzue, zergatik?

Zizurkilen ekin genion, 2020ko urriaren 8an, auzolanaren ibilbide luze honi, eta ideia polita iruditu zitzaidan zikloa ixteko azkeneko aurkezpena ere bertan egitea. Verkami crowdfounding plataformaren eskutik diru-bilketa berri bati heldu diozue azken aldian. Zer moduz joan da kanpaina? Diru sarrera bat (40.000€) lortzea zen gure asmoa, eta helburua bete da. Bainan, tranpa txiki bat egin behar izan da, dena erran behar baita: kanpainaren erdi aldera, nahiko motel zihoanez gauza, auzolanaren kontu korrontetik diru bat sartu beharra ikusi genuen, ea jendea animatzen zen ekarpen gehiago egitera. Eta, zorionez, erantzun ona jaso dugu, handik aurrera hartutako erabakiari esker.

Oraindik bada aukera norbanakoek zein elkarteek ekarpen ekonomikoak egin dezaten?

Bai, eta gainera, guztiz argi utzi nahiko nuke ekarpen gehiago jasotzea beharrezkoa dugula filma amaitu ahal izateko. Izan ere, aurrekontu orokorra osatzeko (713.000€), gutxi gora-behera, %15a (100.000€ inguru) falta baitzaigu oraindik. Eta horretarako sarrera-bonoak saldu behar ditugu; zuzenean gure web orritik (pellomariotañoauzolana.eus) edota web orrian azaltzen diren salmenta puntuetan. Horretaz aparte, bertze bi aukera ditugu ekarpenak egiten jarraitzeko: bata, BIZUMa erabiliz, zenbaki honetan (662529455); bigarrena, auzolanaren kontu korrontean, Laboral Kutxako edozein bulegotan (Eguzki Art Zinema: ES84 3035 0120 9212 00014781). Verkamirako eskaini genituen opariak ekarpenak egiten dituzten guztiontzat mantentzen dira.

Azken urtetan erakunde publiko eta pribatu ugariren ateak jo dituzue. Nolako harrera izan duzue?

Egia da askoren ateak jo ditugula azken hiru urte t'erdi hauetan, eta antzera jarraituko dugu aurrerantzean ere, aurrekontu orokorra osatu arte behintzat. Erran behar da, noski, batzuek muturrean eman digutela atearekin, eta bertze batzuetan harrera ezin hobea izan dugula. Normala den bezala. Bainan, kontakizun hori bertze momenturako utziko dugu, orain ez da horretarako unea; gainera, atal horrek bere leku propioa izanen du: auzolanaren istorioa kontatuko duen liburu eder batean azalduko ditugu azaldu beharrekoak.

Bestetik, nolako harrera egin dizute jendeak edo kultur elkarteek proiektua aurkezterakoan? Otaño pertsonai historiko erakargarria egin zaie? Ikusi dute premia badela Otañoren irudia zabaltzeko?

Lehenxeago erran dudan gauza bera errepikatuko nuke elkarte edo jende arrunten gainean: liburuan eginen dugu azterketa hori. Aurreratu dezakeguna zera da: 2020ean hasi ginenean, bertsogintzaren munduko jendeak, edota aditu batzuk bertzerik ez zekiten nor zen Pello Mari Otaño. Hiru urte t'erdi pasa ondoren, ezagutzera emate horretan, pauso handia eman da, eta, gaur egun, erran dezakegu asko ohartu direla pertsonaiaren garrantziaz eta begi onez ikusten dutela Otañoren bizitza eta eginak zabaltzeko daukadan grin hori. Kontzientzia hartze horrenik gabe ez ginateke iritsiko gauden lekura.

Errodajea noiz eta non hasiko den zehaztu al duzue?

Apirilaren 13an Argentinara goaz, eta hilaren 22tik maiatzaren 3ra bgrabatuko dugu hango guztia. Pejuajó herria, Panpa, eta Laurak Bat, Buenos Aireseko Euskal Etxea, izanen dira hango lokalizazioak. Ondoren, Euskal Herrian grabatuko dugu, maiatzaren 13tik ekainaren 3-4a bitarte. Honako lokalizazioetan: Zizurkil, Donostia, Pasaia, Errenteria, Bera, Etxalar, Iruña, Uterga, Zirauki, Gares eta Lizarra.

Hortaz, filmek atzean behar izaten duten makinaria guztia (aktoreak, estrak eta gainerako lan-talde guztia) ere abian jarria duzu jada.

Ekipo-tekniko bikaina osatu dugu! Bertara bildu dira, besteak beste, Joseba Salegi (zuzendari laguntzailea), Javier Bilbao (argazki zuzendaria), Ane Aldaya eta Txepe Lara (produkzio buru), Leire Orella (jantziak), Eva Alfonso (makilajea), Danel Ciaurriz (zuzeneko doinua) Bibi Pérez (arte zuzendaria). Aktore-aktoresen artean ere izen ospetsuak ditugu: Joseba Usabiaga, Sara Cozar, Maia O'Sinead, Ramon Agirre, Olatz Beobide, Iñaki Beraetxe, Ñake Irastorza, Joxe Begiristain, Jox Berasategi..., eta abar luze bat.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!