Zer moduz joan dira prestaketa lanak?
Ondo. Otsaila aldera egiten ditugu lehen bilerak, eta kontzertuak lotzea izaten da lehen egitekoa. Behin hitzordu potolo horiek lotuta, gainerako ekitaldiekin hasten gara, astero-astero elkartuz. Pixkanaka, gazte jendea Jai batzordera elkartzen joan zaigu. Ideia berriak, proposamen berriak ekartzen dituzte eta hori oso beharrezkoa da. Bestela, jaietako eskema berberari eusteko joeran eror gaitezke.
Behin egitaraua lotuta eta jaiei forma emanda, herriko kuadrilla ezberdinei deika hasten gara, ardurak banatzeko. Jaietan zehar egiteko ezberdinak egoten dira, eta horiek guztiak lotuta utzi nahi izaten ditugu.
Kontzertu indartsuak antolatu dituzue. Jendetza gerturatuko da Zizurkilera irailaren 6an...
Bai, apustu handia egin dugu aurten, Nikotina eta Esne Beltza taldeak ekarrita. Esne Beltza agur-biran murgilduta dago eta Zigor, taldeko DJ-a herritarra da. Festa Batzordeko kide ere bada, gainera. Garbi zegoen aurten Esne Beltza ekarri ezean ez genuela beste aukerarik izango, eta aurrera egin dugu. Jende asko etorriko dela pentsatzen dugu. Horri lotuta, komun publikoak eskatu ditugu eta plaza inguruan jarriko dira. Kontzertuak amaituta, DJ-a ere izango da aurten, lehendabiziko aldiz. Herriko DJ Gometxa gazteak bere burua eskaini zuen eta, oso ideia ona iruditu zitzaigun. Berak izango du goizaldeari musika jartzeko ardura hori. Gau polita izango dela uste dugu.
Adin guztietako herritarrek aurkituko dute gustuko ekintza...
Bai, hala da. Umeentzako ekintza pila bat dago; marrazki lehiaketa, joko mitologikoak, antzerkia, puzgarriak... gozatzeko aukera handia izango dute. Egunero aterako dira buruhandiak eta, erraldoi eta buruhandien kalejira igandearekin egingo da. Gazte, heldu, jubilatu... guztiek izango dute eurentzat pentsatutako ekitaldiren bat. Ostiraleko gazte bazkariak aurrera jarraitzen du eta txaranga izango da ondoren, herrian barrena kalejiran ibiltzeko. Azken egunean berriz, jubilatuak izango dira protagonista. Jolasak, bazkaria eta dantzaldia izango dituzte plaza inguruan.
Zizurkilen urtero errepikatzen den hitzordua da, besteak beste, mozorro lehiaketa.
Bai, eta oso giro polita sortzen da lehiaketaren inguruan. Jendeak irudimena eta umorea erabiltzen ditu. Azken urtetan photocall bidez antolatu izan dugu. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek argazkia atera behar izaten dute plazan jarritako photocallean eta argazki hori bidali. Aurten aldaketatxo bat sartu nahi dugu; lehiaketa irabazten duen kuadrillak hartu dezala datorren urteko photocalla antolatzeko ardura. Modu horretan jendearen parte-hartzea sustatu nahi dugu. Jende berria sartzean, gauzak egiteko moduak ere aldatzen joaten dira eta hori beti da aberasgarria.
Jaien inguruan, zein mezu zabaldu nahiko zenuke?
Herritarrei esan nahi nieke parte har dezatela ekitaldietan, hainbat hitzordu dago gozatzeko. Inguruko herrietako jendea ere gonbidatu nahi nuke, etor daitezela Zizurkilera ondo pasatzera. Jarrera txukuna edukitzeko deia ere zabaldu nahiko nuke. Gozatu ditzagun jaiak, pasa gabe.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 654 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.