Duela zenbait urte hartu zuten Zizurkilgo jaietako txosna bideratzeko ardura. "Aurrez lan hori hartzen zuten herritarrek erreleboa eskatu zuten, duela bost urte inguru. Jai Batzordean genbiltzan une hartan eta, beste inork aurrera egiten ez zuela ikusita, animatu egin ginen", azaldu dute.
Plazan
Dagoeneko tamaina hartu diote txozna antolatzeko lanari: "Lehen urteetan galduxeago ibili ginen; zenbat edari eskatu, nondik eskatu... behin horri tamaina hartuta, errazago egiten ditugu lanak".
Herriarentzat
Herriko jaietako giroa piztea da helburua: "Une honetan taberna bakarra dago martxan herrian eta txosnak beste aukera bat eskaintzen die herritarrei. Txosnaren kudeaketa lanak errazago egiten ditugu orain eta, iaz, bokadiloak ematera ere animatu ginen. Gure artean antolatzen gara eta bakoitzak bere ardurak hartzen ditu, lagunak gara eta gure arteko komunikazioa ere oso zuzena da, horrek asko errazten ditu lanak".
Iazko jaietako kontzertu gauean jendetza elkartu zen Zizurkilen: "Edari gehiegi eskatu genuelakoak geunden eta aldiz, ezer gabe geratu ginen. Plaza jendez gainezka egon zen ia goizeko 04:30ak arte eta hori ez genuen aspaldiko urtetan bizitu izan. Kontzertu erakargarriak antolatu ziren eta Aiztondoko herritarako joan-etorria egiten zuen taxi zerbitzua jartzea ikaragarrizko zerbitzua izan zen gau hartarako. Aurtengo eskaera egiteko garaian kontuan hartuko dugu, ea ez garen iaz bezala edaririk gabe geratzen".
Txandetan parte hartzeko deia zabaldu nahi dute: "Herriko jaietan zerbitzu bat emateko antolatzen da txosna, eta garrantzitsua da guztion artean turno horiek osatzea".
Aurtengo jaietan berrikuntza bat izango da: txosna eta zentroa bateratuta arituko dira lanean jaietako azken egunean. "Kontzertu gauean elkarlanean arituko gara eta biak egongo dira irekita. Ez dakigu zenbat jende etorriko den, baina zerbait hartzeko aukera zabaldu egingo da".
Dirua, festetarako
Txosnan ateratako dirua jai batzordera bideratzen dute: "Diru horrekin ekitaldiren bat antolatzea baino egokiagoa iruditu zitzaigun jai batzordeari ematea, egitaraua bideratzeko erabil dezaten".
Oilasko biltzean, herri-kiroletan... jaietako ekitaldi ezberdinetan parte hartuko dute txosna batzordeko kideek: "Herriko jaietako ekitaldi askotan laguntzea egokituko zaigu eta txosnan ere ordu asko egingo ditugu ziurrenik, baina gozamenerako tarteak ere izango ditugu".
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 675 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.