Andramariak martxan Zizurkilen

Aiurri 2025ko abu. 13a, 21:16

Zizurkildarrek giro paregabean eman diete hasiera aurtengo Andramariei. Jaiei hasiera emateko suziria arratsaldeko 20:00etan bota badute ere, festa giroan murgilduta ibili dira egun osoan zehar: oilasko biltzea, eskulanak, oilasko biltzaileen dantzaldia, eraso sexisten aurkako argazki herrikoia, pilota partida eta Elektrotxufla elektrotxaranga izan dituzte, besteak beste.

Suziria aurtengo Txapel Eguneko txapelduna izan den Luix Urkolak piztu du, eta aurretik, hainbat aldarrikapen plazaratu dituzte. Jarraian, herri afaria izan da herriko plazan, eta gaua Itzal erromeria taldeak alaituko du. Gaur hasi eta larunbatera bitartean, egitarau oparo batez gozatzeko aukera izango da Zizurkilen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!