Palestinaren aldeko mobilizazio zaratatsua, Zizurkilen

Ainhoa Gil 2025ko ira. 5a, 20:52

Palestinako genozidioa salatzeko elkarretaratzen zaratatsua egin dute gaur Zizurkilgo Elbarrenan. Eltzeak eta mailuak eskuetan, jaietan etena egin, eta Palestina-Gernika Herri-Ekimenak deitutako mobilizazioari erantzun diote zizurkidarrek. Amaieran, Estitxu Fernandezen idatzia irakurri dute: 

"Nola gogortu liteke genozidio bat?
Nola gogortu herri baten suntsiketa sistematikoa? Basajerai, masakre, tortura... nola gogortu?

Eta bai... Egunetik egunera terribleagoa da sarraskia... Zer da ba genozidioa etengabe gordintzen doan erabateko suntsiketa ez bada... oihu lazkarriak isiltasun jasanezin azkenerako...

Eta hemen, Palestinatik urrun, hitzak ere isilik daude, hutsik... 

Genozidioa, sarraski, masakre, suntsiketa, tortura, basakeria... Balioa galtzen dute gure etxeko sofan... kuxinen artean galtzen dira... esku artean dugun kafesnearen lurrunean...

Umeak dira sarraskituak...

Eta pentsatzen dut emakume haurdunengan, sabelari helduta, desesperazio hori... Jaiotzear ziren umeengan, sutan zegoen likido amniotikoan belarriak esku ttikiekin tapatzen, begiak ixten, tormentuaren oihua itotzen...

Pentsatzen dut sekula jaioko ez diren umeengan, genozidioaren biktima ezikusiak...

Eta jaiotzea lortu duten jaioberrien sufrimendua, zintzurra urratzen garrasi ozenez mundu mendebaldarraren belarrietara...

Pentsatzen dut ume ttikiengan: hezur-azal ezin biziraun...

Herritarrak dira sarraskituak...

Beren lurretik erauziak, desplazatzera behartuak...

Azpiegitura oinarrizkoak suntsituta... Goseak hiltzen, egarriak itotzen...

Elikagai bila joandakoan tirokatuak, bonbardatuak, gau eta egun bonbardatuak... Ezin iraunean dauden ospitaleak bezala...

Ospitaleak dira sarraskituak...

Nazioarteko legeek babestutako toki seguruak ospitaleak...

Zaurituei eta umeen desnutrizioari ezin erantzun dauden ospitaleak...

Kazetariak dira sarraskituak...

Gaza, kazetarien munduko ilerri...

Egoera ezin zailagoetan munduari genozidioa erakusten ari direnak, eta batez ere umeengan duen eragin krudela...

Umeak dira sarraskituak, Palestina da sarraskitua...

Nazioarteko inpunitatearekin... Munduaren begien aurrean ari da Israel begi-bistan dugu triskantza baina ez du erantzun irmorik...

Ezin da gehiago luzatu ankerkeria hau.

Gernikaren Euskal Herritik Palestinara doa gure oihua;

Nahikoa da! Genozidioari ez!"

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!