2017ko urrian itxi zituzten saltokiko ateak, berrogei urte baino gehiagoko ibilbidea egin ondoren. Zizurkildarra zen Ignazio, Olentzokoa. 1974an zabaldu zuen denda, arrebarekin batera eta ezkondu ondoren, Pepi Zubeldia emaztearekin batera eutsi zion lanbideari.
Ignazio Otañorena izan zen denda zabaltzeko ideia. Hala azaldu zuen 2017an Aiurriri eskainitako elkarrizketan: “aurretik, itsasoan igaro nituen zortzi urte arrantzan. Osabak hiru barku zituen eta arrantza-patroi titulua aterata, bakailaoa arrantzatzen aritu nintzen. Pasaiatik abiatu eta Canadaraino joaten ginen, hemen ez baitzegoen batere. Lanbide gogorra zen hura. Sei hilabete segidan igarotzen genituen barkuan, etxera etorri gabe eta lehorrera atera gabe”. Etxe inguruan lan egin nahi zuen Inaziok eta orduan pentsatu zuen Zizurkilen denda zabaltzea.
Dendako harategiko ardura zuen Ignaziok. Goizeko lana amaituta, eguerdi askotan, inguruko baserritarrengana joaten zen haragi eskaintzak ikustera.
Urteak aurrera, seme-alaben laguntza ere izan zuen bikoteak, dendaren martxari eusteko. 2017an, erretiroa hartuta, dendako ateak itxi zituzten.
2026ko urtarrilaren 21ean zendu zen Ignazio.