Eskola Txikien Festa ospatzen ari dira Zizurkilen

Aiurri 2026ko ekainaren 14a

Gipuzkoako Eskola Txikien Festa Zizurkilen ospatzen ari dira. Goizean egin dute ekitaldi instituzionala eta hurrengo hitzorduetan haurrak eta gurasoak izan dira protagonista nagusiak.

Mendigain eskolako kideek bertsoz zabaldu dute ekitaldia eta Igotz Alkorta zizurkildarrak hartu du jarraian hitza, festara gerturatu diren guztiei ongi-etorria egiteko. Miru gorria aipatuz eman dio hasiera goizari. Izan ere, miru gorri baita aurtengo festako irudi eta ikur. “Pello Mari Otaño plazan gaude, eta Otañok baditu 1896an argitaratutako bertso batzuk, aitona gizagaixoa izenekoak, euskararen galeraz hitz egiten duten bertso sakonak. Hau jasotzen du azken aurreko bertsoan: ‘Miru gaiztoak menderatutzen duten bezela usua, etzazutela illtzera utzi gure Euskara gaxua’. 130 urte geroago, hemen gaude, euskaraz, lehen baztertzen genuen mirua ere gure egin dugu, ongi etorria eman diogu”.

Eskola eta herria

Maite Amenabar, Zizurkilgo alkateak egin du harrera ekitaldiko lehen hitzartzea. Festaren antolakuntzan eragile ezberdin askok parte hartu du eta Udalak horretarako izan duen prestutasuna aipatu du Amenabarrek. Eskola txikiek herri txikientzat duten garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Zizurkilek behar du eskola txikia herrigune honek bizitza izaten jarrai dezan, euskarari arnasa ematen diolako eta beste eskola eredu baten sinesteko aukera ematen digulako, umearen neurrira egindako eskolan. Erakunde guztiok bultzatu beharko genukeen eredua da txikitik eragiten duena”.

Mendigain eskolako zuzendaria da Maitane Telletxea. Mendigain eskolak lanerako darabilen eredua hartu du ahotan, eredu horren arteko apustuak ekarritako poza eta aberastasuna azpimarratu ditu bereziki, “nahiz eta oztopoak ere baditugun, etengabe gure egiteko modua justifikatzen ari garelako, gure egiteko modua etengabe epaitua izaten ari delako”. Bide honetan aterki eta babes izan duten Eskola Txikien sareari eta bidean lankide izan dituenei eskertza luzatu die Telletxeak. 

Boluntariotza

Zizurkilgo Urkamendi guraso elkarteko ordezkari den Alaitz Ormazabalek festa antolatzeko bildu dituzten 200 bolondresak eta gainerako laguntzaileak aipatu nahi izan ditu bere hitzartzean. “Hasieratik nahi izan dugu festa hau adin ezberdineko herritarrak batzeko elementu izan zedila, pozik gaude emaitza horrekin. Eskerrik asko modu batera edo bestera babestu gaituzuen eragile, erakunde eta herritar guzti guztiei”.

Amaia Urzelai, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Gipuzkoako ordezkaria ere gerturatu da Zizurkilera. Eskola Txikiak balioan jartzeko baliatu du bere hitzartzea Urzelaiek: “Ospatzen duguna ez da hutsa; balioak dira, etorkizunaren aldeko apustua da. Eskola txikiek ez duzue soilik hezten, komunitatea egiten duzue; ez dituzue ikasgelak soilik, belaunaldiak elkarren artean lotzeko ereduak eskaintzen dituzue”.

Erakundeetako ordezkariak ere gerturatu dira festako harrera ekitaldira. Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusia. Miru gorriaren aipamena egin du: “Foru Aldundiko teknikariek azaldu didatenez, miru gorria galtzorian egon da. Hotz handia egiten duenean gurera gerturatzen da eta ez hori bakarrik, zuhaitz berean egiten dute beti kabia. Zuek guztiak oso ondo ezagutzen zaituztete. Ikasle, irakasle eta familiek zer nolako tribua osatzen duzuen ikusiko dute eta gaur bezalako egun batean, 200 bolondresek egingo duten lana ere ikusiko dute”.

Berastegiri ongi-etorria

Festako protagonista nagusien txanda iritsi da jarraian, eta bi une garrantzitsu izan ditu ekitaldiak. Batetik, Berastegiri ongi-etorria egin diote Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundera. Haiek gehituta, 28 eskola txikik osatzen dute sare hori. 

Lekukoa, Alkizari

Eskola guztietako ordezkariak, banan bana gerturatu dira jarraian. Bakoitzak bere herriaren izena jarri du bertan, egurrezko xafla batean idatzita. Alkizarrak izan dira azkenak, eta haiek izan dira protagonista nagusiak. Izan ere, zizurkildarren eskutik festaren lekukoa jasotzea egokitu baitzaie. Alkizan ospatuko da, beraz, 2027ko Eskola Txikien Festa. Eñaut Sorarrain Beleburupe guraso elkarteko kideak hartu du hitza: “1999an izan zen Alkizan aurreko festa, eta dagoeneko gogotsu ari gara datorren urteko festa antolatzen. Kantak dio ‘zenbat txiki behar den handi izateko”, egin dezagun handi guztion artean.

Harrera ekitaldiari amaiera ederra emateko, festaren aitzakian sortu berri duten ‘Mendigain gainean hegan’ kantuarekin dantza egin dute eskolako ikasle gaztetxoek. Festa giroa lehertuta, martxan jarri da egitarau oparoa. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!