Parke eolikoa eraikitzeko aldez-aurreko baimen eskaera, Ezkeltzu inguruan

Gaurko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da 'Aitz eta Andatz' izeneko kluster eolikorako aurkeztutako aldez aurreko administrazio-baimen eskaeraren iragarkia. Bi dorre-eoliko aurreikuste dituzte eta, poligonoak Usurbil, Zizurkil eta Aiako sailak hartuko lituzke.

Gaurko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkiak jakinarazi dute Aleiron Spain SL enpresaren eskaera. 9,9 MW-ko potentzia luke poligono eolikoak, eta potentzia hori sortzeko, bi errota aurreikusten dituzte. 

Aldizkarian argitaratu denetik,  hogei eguneko epea ematen da parke eoliko hori ezarri eta ustiatzeko interesa duten pertsona fisiko edo juridikoek lehia-eskabidea aurkeztu dezaten.

Bigarren eskaera

Ez da hau Ezkeltzu inguruan poligono eolikoa jartzeko lehen egitasmoa. 2022ko urtarrilean Green Capital Development enpresak aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen.

Handik bi hilabete pasatxora, apirilaren 4an,  aurreproiektua aukeratu zuen Jaurlaritzak eta “sei hilabeteko epea jarri zitzaion”, beharrezko agiriak aurkezteko. Hala, maiatzaren 30ean, Green Capital enpresak parke eoliko horren “ingurumen-inpaktuaren irismenari buruzko dokumentua lantzeko” eskatu zuen.

Bide luzea eta korapilatsua egin zuen proiektu hark. 200 metroko lau aerosorgailu eraiki asmo zituzten Ezkeltzun. Horrek ekar zitzakeen kalteez ohartarazi eta egitasmoa gerarazteko sortu zuten Andatza-Ezkeltzu Bizirik herri plataforma.

Hainbat gora beheraren ondoren, 2025eko otsailean, Zizurkilgo Udalak kaleratutako ohar batean jakinarazi zuen Green Capital enpresak baztertu egin zuela Ezkeltzuko parke eolikoaren proiektua.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!