Pello Mari Otañoren azalean eginiko antzezpena izan da saioren abiapuntu eta ardatz. Haren bizimodua nahiz berak abestu eta idatzitako hainbat bertso eta olerki aireratu dira, euskara eta herrimina oinarrian. Bakarka nahiz Plazida Otaño ilobarekin eta herrira iritsi berria den etorkinarekin elkarrizketan eta kantuan, euskarari eta euskal kulturari egin zaio erreferentzia, Kilometroak festak bultzatu nahi dituen bi elementu garrantzitsuri.
Lehen Kilometroak festatik azkenera, 43 edizioen leloak eta doinuak biltzen dituen bideo laburra erakutsi da segidan. Bide baten amaiera, Amasa-Villabona-Zizurkilgoa guztiz eraberrituta iritsiko den Kilometroak jaiaren abiapuntua izango baita.
Eresargi txiki abesbatzako kideek ahots goxoz abestu ondorenean, Behar Zana pilota elkarteko Iñaki Otaegik botaharria taulara atera eta, hiru haurrei errebote jokoaren berri emanda, pilota jaurti du. Batetik bestera egin du punpa pilota horrek, hala nola, urtean zehar jaialdi txikiak antolatuko dituzten ikastoletara. Bertako ordezkariek adierazi dute Kilometroak jaiak aurrerantzean urte osoko jaia izan nahi duela, eta jaialdi txiki horietan Euskal Herri osoko ikastolen lankidetza indartuko dela, ikastolen ereduari eta naziotasunari indarra emanaz. Pilota herrira itzuli denean, Zubimusu ikastolaren 2ZIA proiektu pedagogiko berritzaileaz mintzatu dira.
Oinkari dantza taldeko dantzariek errebote jokoa oinarrian hartuta, saskiak eskuan, koreografia arin eta ederra dantzatu dute, pilota jokoan jarraituz. Juan Kruz Igerabide idazle adunarraren txanda izan da gero eta ekitaldirako propio sortutako ipuin zoragarria irakurri du, hain zuzen ere, beldar izateari utzi eta hegaldatuko den pinpilinpauxari buruzkoa. Irakurketa dantzatuaren ondoren argitu da sekretua: ‘Korri, punpa, ttak’, horixe 2020ko Kilometroak jairako Zubimusu ikastolak aukeratu duen leloa. Hiru hitz horien bidez, iragana, oraina eta etorkizuna batuz, sakea irudikatu eta pilotari gogor joz, aurrera egiteko garaia dela iragarri dute. Orduantxe plazaratu da lehenengoz Pauxa maskota ere.
Amaitzeko, musikari eskaini zaio tartea. Lehenik eta behin Kristina Solanoren eskolako ikasle gaztetxoen trikitixa eta pandero saioa, irrintzi goxoz girotua. Andoni Ollokiegi kantariak euskal kantuen bertsioak abestu ditu ondoren, gitarra lagun, eta sekulako giroa sortu da Olaederra kiroldegiko kantxan. Amak taldeko Kristina Solano, Maixa Lizarribar eta Amaia Orejak eman diote bukaera ekitaldiari, trikitixa, panderoa eta ahotsa uztartu eta saio ederra eskaini dute.
Pilota jaurtiz egin du sakea Zubimusu ikastolak, indartsu eta gogotsu. Eta ‘Korri, punpa, ttak’ jarraituko dute ikasturte osoan zehar, Zubimusu ikastolaren etorkizuna sendotu nahian, elkarlanean.