Gizonezko batek emakume bat atxikituta eduki du Amasako baserri batean

Aiurri 2020ko mai. 1a, 15:26

Amasa-Villabonako Udalak 20:00etako txalo zaparrada indarkeria eta jazarpena sufritzen ari diren emakumeei elkartasuna adierazteko baliatzea erabaki du.

Amasa-Villabonako Udalak zabaldutako Erakunde Adierazpena hauxe da:

Pasa den astelehen arratsaldean Ertzaintzak 41 urteko gizona atxilotu zuen Villabonan, ustez, pertsona horrek Amasako Etxezarreta izeneko baserrian emakume bat bere borondatearen kontra atxikitzeagatik. Gizonak bere haurra zaintzeko kontratatu zuen emakumea, baina etxera eraman ondoren, heriotza mehatxuekin atxiki zuen bere borondatearen kontra.

Segurtasun sailak jakinarazi duenez, emakumeak iaz ezagutu zuen gizona. Honek bere semea zaintzeko lana eta dokumentazioa eskaini zizkion. Emakumeak lan egiteko eskaintza onartu ondoren, gizonak Etxezarreta baserrira eraman zuen, eta sakelako telefonoa kendu zion. Emakumeak, ordea, pasa den igandean senide bati ahozko mezua bidaltzea lortu zuen. Senide horrek Ertzaintza ohartarazi zuen, baina non zegoen ezin izan zuen zehaztu. Ikerketa bati esker emakumea non zegoen jakin ahal izan zuen Ertzaintzak.

Hainbat egunez aritu zen Ertzaintza inguruetan emakumearen bila, eta azkenean gizona identifikatu ondoren, emakumea aipatutako baserrian zegoela ondorioztatu zen. Astelehenean Villabonako herrigunean gerarazi zuen autoa. Emakumea hor zihoan eta askatu egin zuten. Eta gizona atxilotu egin zuten.

Gertaera hori dela medio, udaleko bozeramaile batzordeak urgentziazko bilera egin du eguerdian eta honako Erankunde Adierazpena onartu du alderdi politiko guztien arteko adostasunez:

  1. Amasa-Villabonako Udalak ustezko indarkeria matxista kasua erabat arbuiatzen eta gaitzesten duela adierazten du.
  2.  Amasa-Villabonako Udalak elkartasuna adierazten dio ustez erasotua izan den emakumeari, bere sendiari eta lagun nahiz gertukoei.
  3.  Amasa-Villabonako Udalak konpromiso irmoa hartzen du genero indarkeriaren aurka etengabe borrokatzeko, indarkeria hori pairatzen duten emakumeekiko koordinazioan eta lankidetzan, bai eta beste administrazio publikoekin ere, bide bakarra indarrak batzea baita indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat lortzeko.
  4.  Amasa-Villabonako Udalak indarkeria edo jazarpena pairatzen ari diren emakumeei edo indarkeria zantzuak atzeman dituztenei salaketa jartzeko urratsa ematera animatzen eta eskatzen die. Era berean, udalak emakumeen kontrako indarkeria kasurik bada, Udaltzaingoarekin edo Ertzaintzarekin harremanetan jartzeko edo emakumeen kontrako indarkeria salatzeko telefonoa (900 840 111) erabiltzeko deia egiten du.
  5. Udalaren deia herritarrei:
  • Gaur 20:00etan etxeetako leihoetan eta balkoietan egiten den ohiko txalo zaparrada berezia izango da. Gaurko txaloak konfinamendu egoeran indarkeria eta jazarpena sufritu duten edo sufritzen ari diren emakume guztiei elkartasun eta babes mezua helarazteko izango da.
  • Udalak herritarrak animatzen ditu balkoi eta leihoetan more koloreko elementu bereizgarriak jartzera, emakumeen kontrako indarkeria oro salatzeko.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren adierazpena

Amasa-Villabonako baserri batean emakume batek jasan duen atxikitzea dela eta, erakunde adierazpen honen bitartez Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gaitzespen osoa erakutsi nahi du bortizkeria kasu honen aurrean. Gaur eman dute gertatutakoaren berri, joan den astelehenean Ertzaintzak gizon bat atxilotu ostean, ustezko bahitzaile izatea leporatuta. Foru erakundeak, baita ere, elkartasuna, babesa eta laguntza eskaini nahi dizkio biolentzia matxista kasu hau pairatu duen emakumeari, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egiten du Amasa-Villabonako Udalak erasoa gaitzesteko argitaratu duen adierazpenarekin eta ohartarazi nahi du halako gertaeren oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun falta dagoela, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Gizon eta emakumeen berdintasuna, pertsonen askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira, eta eskubide horien aurka egiten duten jarrerak erabat gaitzesgarriak, bidegabeak eta onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean.

Egungo konfinamendu egoeran, foru erakundeak babes osoa adierazi nahi die, are eta ozenago, bortizkeria egoeran aurkitu daitezkeen emakumeei. Inoiz baino beharrezkoagoa da erakundeon eta komunitate osoaren babesa helaraztea bortizkeria matxistaren biktimei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ohartarazten du biolentzia matxistaren biktimentzako zerbitzu eta egoitza guztiak indarrean daudela eta, halako kasuen aurrean, balizko biktimak zein herritar oro herriko zerbitzu sozialekin harremanetan jarri daitekeela edo 900 840 111 telefonora deitu dezaketela. Baita ere, SOS Deiak zerbitzuaren 112 aplikazioak telefono deirik egin gabe edozein emakumeri laguntza eskaini diezaioke. Hitz egiteko arazoak zein entzumen arazoak dituzten pertsonentzat egokitua dago eta eskaera egiten duen emakumea GPS bidez lokalizatzeko aukera eskaintzen die segurtasun indarrei”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!