Ehundaka lagun bildu dira ostalariek deitutako manifestazio zaratatsuan

Aiurri 2020ko aza. 21a, 14:47

Eguerdian abiatu da manifestazio zaratatsua Villabonako Errebote plazatik. Kale Nagusitik barrena, Irualdeta taberna parean Kale Berrira sartu eta herria osorik zeharkatu dute. Xaldu taberna pareko biribilgunera iristean, buelta eman eta Errebote plazan amaitu da manifestazioa.

Zartaginarekin eta koilararekin soinua eginez, ehundaka lagun batu dira Amasa-Villabonako ostalariek deitutako manifestazio zaratatsura. Ostalaritzaren aldeko mezu ugari irakurri ahal izan dira manifestariek eraman dituzten karteletan, esaterako, SOS ostalaritza; Aisia eta kultura ez dira delitu; Osasuna bai, lana denentzat; Ez gara gaizkileak, ezta polizia. Tabernariak gara; STOP kriminalizazioa;  Gu ere funtsezkoak gara. Tabernetako atarietan ere 'SOS ostalaritza' ipintzen duen kartelak ikus daitezke azken egunetan.

Amaitzeko, aste honetan zehar zabaldu duten idatzia irakurri dute. Hauxe:

Bi aste gure tabernak, topaguneak itxi zituztela, zentsuratu eta isildu gintuztela!

Bigarren aldiz, gaizkileak bagina bezala baztertuak eta zigortuak, pandemiaren kudeaketa txarraren ardura gure gain utzita... Ez omen gara sektore esentziala! Sektore esentzial EZ honi, autonomoei, sozietate txikiei, familiarteko negozioei esklabutzara bultzatzen zaie zergei BEZari eta gainontzeko betebeharrei eusteko.

Horregatik guztiagatik:

  • Langileen ERTE-en %100a eskatzen dugu.
  • Lantokietako alokairu, hipoteka eta konpromisoei irtenbidea eskatzen diogu.
  • Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa ekonomiko zentzuzkoa eskatzen dugu eta ez beste kutxa batzuetara joango diren dirulaguntzak.
  • Diru sarrerarik ez badago, ordainketarik ezin dugu egin.
  • Gure lantokiak duinak izatea nahi dugu eta lan egin nahi dugu.
  • Lapurtu dizkiguten eskubideengatik.
  • Gure inguruko guztien lanpostuengatik: zerbitzari, sukaldari, garbitzaile, banatzaile, komertzial...
  • Zergak etetea eskatzen dugu.

Gora Villabonako herria!

Gora Villabonako ostalaritza!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!