BiHozkada taldeak agur esan du

Aiurri 2020ko abe. 29a, 09:30
BiHozkada taldeko kideak IƱaki Lizaso (erdian), Txomin Urdanpilleta (ezkerrean) eta Tomas Lizardi (eskuinean).

Orain egun gutxi jakinarazi zuten BiHozkada musika taldeko kideek amaitu dela taldearen ibilbidea. Aiurri eta 28 Kanala beraiekin elkartu da erabakiaren nondik-norakoak ezagutzeko helburuarekin.

Nola iritsi da BiHozkada taldeari amaiera emateko erabakia?
Tomas Lizardi: Erabakia iritsi da ezustean batzuentzako. Konfinamendu garaitik hona nahiko luze joan den aldia eta gero, taldekide batzuen aldetik bazegoen ez jarraitzeko sentimendua, indar falta, gogo gutxi. Erabaki da ez behartzea egoera, bakoitzak bere bidea segi dezan.

Iñaki Lizaso: Orain dela gutxi kontzertuak ematen ari ginen eta aldi berean gogotsu, nahiz eta, Tomasek esan duen bezala, taldeko batzuengan gogo, ilusio falta hori bazegoen. Talde askotan gertatzen da. Albisteak horrela datoz eta datozen bezala hartu behar dira, aurrera segi beharra dago.

Bost urteko ibilbidean bi diska atera dituzue. Musikalki hazteko balio izango zizuen.
I. L.: Niri dagokidanez, nire lehen taldea izan da BiHozkada. Pilota mundutik nator. Gitarra ikasten Tomasekin hasi nintzen, ezerezetik. Txistularia edo esango nuke txistua jotzen nuela, ez besterik. Niretzako eskola handia izan da, musika mundua pixka bat ezagutzeko balio izan dit. Bi diska grabatu ditugu, hiruzpalau estudio ezagutu ditutu mundu honetan sartu ginenetik. Nik uste dut antzematen dela hasieratik honuntza egon dela garapena bai musikalki eta bai orokorrean. Dena a la mochila erderaz esaten den bezala. Zerbait gehiago ikasi dugu eta gehiago daude ikasteko.

Orain urtebete aurkeztu zenuten ‘Zure aurrean’ izeneko bigarren diska Gurea zineman. Nola gogoratzen duzue kontzertu hura?
T. L.: Garai polita izan zen. Diska ez da luze joan zela, baina prozesuak bere denbora darama. Grabatzen hasi ginen garaitik, abestiak lehenagotik eginda zetozen, ordutik prozesu guztia, kaleratzea, ezagutaraztea eta jendearen aurrean erakustea... Oroitzapen oso polita dut garai horrena.

Txomin Urdanpilleta: Niretzako, behintzat, estudioko lehenengo lana izan da eta oso interesgarria. Gogotsu geunden, gero pandemia atera zen, eta horrek pixka bat geratu zigun. Nik uste dut hortik ere etorri dela dena. Pandemia garaitik ez digute entseatzen utzi, talde txikiei ez zaie utzi entseatzen.

Etxialdian zehar kontzertuak eskaintzeko bestelako formatuak jarri ziren martxan, esaterako, sare sozialen bitartez. Nola bizi izan duzue hori?
T. U.: Bueno, etxetik egin genuen zerbait, baina kontzertuak bertatik egin behar dira, ez sare sozialetatik. Tresna hori badago, baina nik horrela ikusten dut. Ez da izugarrizko jendetza etortzen, baina behintzat hor zaude.

Jendearen aldetik nolakoa izan da erantzuna BiHozkadaren amaieraren berri jakitean?
I. L.: Gehiengoari harritu egin dio taldea uztearen erabakiak. Baina bai egon dela halako erantzun bat, jendeari pena eman diola eta babes eta animo mezuak jaso ditugu taldean, jende ezberdinengandik, eta egia esan poza ematen du. Zerbait egingo genuen. Euskaraz sortu dugu. Gustatzen zaiguna egin dugu. Gure aletxoa, txikia bada ere, utzi dugu. Alde horretatik pozgarria ere bada.

Aukerarik izango duzue azken kontzerturen bat edo eskaintzekoa?
T. L.: Oraindik ez dugu planteatu gure artean ere serioegi. Egoera den bezalakoa da. Aurreikuspenak ez dira oso onak gure neurriko talde batentzat, nolabait esatearren. Hori oraindik eztabaidatu beharko dugu eta aukera baldin badago ikusiko da.

Aurrera begira, zein asmo dituzue?
T. U.: Musika arlotik beti ikasten. Ate guztiak irekita daude. Ateratzen denari baietz esan eta aurrera.

I. L.: Niri dagokidanez ez naiz geldirik egotekoa. Kantuak sortzen jarraitzen dut, eta ez dut uste ezer egin gabe geratuko naizenik. Ezin da ezer aurreratu, bat-bateko kontua izan da albistea. Hasieran bai pena jaso nuela pertsonalki taldearekin ez genuela jarraituko erabaki genuenean, baina aldi berean, arnasa hartu eta gauza berriak egiteko gogotsu nago, eta zeozer izango da ziur.

T. L.: Musika utzi, ez dugu utziko, hor bagabiltzalako. Ezer konkreturik ez oraingoz eta abstrakturik ere ez. Ikusiko dugu. Orain lasai hartu datorren garaia, ikasten jarraitu eta ea zer datorren hurrengo hilabete eta urteetan.

Amaitzeko, zuena da hitza.

I. L.: Eskerrak ematea hedabideei babesa eta guk egindako lanei jarraipena emateagatik eta pixka bat zabaltzeagatik; azkenean gu bezalako talde txikiek asko eskertzen dugulako horrelako laguntza. Talde handiek erraza dute berez, eta talde txiki edo ezezagunagoak garenok laguntza guztia eskertzekoa da.

Bestetik, eskertzea nire taldekide izan diren guztiei, Oihan Agirretxeri; hasierako urteetan bateria jotzen, eta ondoren Tomas eta Nahikariri batez ere, hasieratik hortxe egon direlako; eta ondoren sartu diren Unai eta Txomini. Gero gure diskoetan parte hartu duten guztiei: Axular teknikariari mutrikuarra Ama estudioetan, Fredi Pelaezi gure diska ia osorik grabatu zuena, Alex Tellori beti aukerak eman dizkigulako. Azkenik, gaztetxe, areto eta jotzeko aukera eman diguten guztiei. Guzti horien laguntzarik gabe zaila izango zelako taldea aurrera ateratzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!