Lore eskaintza, Belabietan 1873an hildako ehunka gazte oroimenean edukitzeko

Aiurri 2023ko abe. 11a, 09:05

Meakako gurutzean egin zuten lore eskaintza (Argazkia: Aranzadi elkartea)

Amasa-Villabonako udal ordezkariek eta Aranzadi elkarteko kideek lore eskaintza egin zuten Meakako gurutzean joan den larunbatean, Belabietako batailaren 150. urteurrena (1873) betetzen zela-eta. Gertakari odoltsu hura gogorarazten duten ekitaldiek jarraipena izango dute hurrengo egunetan.

Lore eskaintzaren harira udalak zabaldutako oharrean adierazi duenez, “egun trajiko hartan hildako ehunka mutil gazteak gogora ekarri nahi izan ditugu. Horietako gehienak nafarrak eta gipuzkoarrak ziren. Gure lurrak ez daitezela berriro horrelako sarraski anker baten testigu izan”.

Irailaren 30ean, Belabietako Gudua gogoan hartzeko zortzi informazio-panelak ipini zituzten Amasa-Villabonan, Andoainen, Berastegin eta Tolosan. Egun hartan udal ordezkariek eta Aranzadi elkarteko kideek Amasan egin zuten agerraldian, Beatriz Unzue alkarteak gertakari hura dimentsio handikoa izan zela adierazi zuen, “nahiz eta herritarren artean ez izan oso ezaguna Amasako mendi magaletan gertatu zen bataila odoltsu hura, herrian izan diren gertakari garrantzitsuenetako bat da, zalantzarik gabe. Udal artxiboko agiriek jakitera ematen digutenez, II. Gerrate Karlistan, Gipuzkoan izan zen batailarik odoltsu ea gogorrenetakoa izan zen. Aipatzen da guztira 600 baja izan zirela, kopuru beldurgarria inondik ere”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!