"Esku-hartze polizial neurrigabea" salatzea onartu zen plenoan

Aiurri 2024ko ots. 29a, 08:20

Xuhar gaztearen alde berriki sortu den plataformak mozioa aurkeztu zuen, Amasa-Villabonako Udalaren osoko batzarraldian. Haien izenean herritar batek irakurri zuten mozioa, zeinean jaso den gazteari elkartasuna adieraztea eta gehiegikeria polizialak salatzea. 

Mozioa EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen. Oposizioan dauden EAJ-PNV eta PSE-EE, aldiz, aurka agertu ziren.

EH Bilduren izenean, Xabat Labordek bat egin zuen herri-plataformaren edukiarekin eta eskaerekin. Euskal Herrian izan diren antzeko kasuak gogoan hartu zituen, besteak beste, Remy Ayestaranen kasua oroituz.

EAJ-PNVren izenean Arantzazu Rojok hitz egin zuen, eta adierazpen horiek zeresana eman dute. Senideekin elkartasuna adierazi zuten, baina era berean, gertaerari buruzko hainbat aipamen egin zituen. Besteak beste, gau hartan Tolosan egon ziren liskarrak zirela-eta Ertzaintzaren interbentzioa justifikatu zuen. Horren harira,  Xuhar ez zela tirokatua izan adierazi zuen, Foam bola batek errebotez jo zuela baizik. Hala, ikerketa burutzeko dagoenez, balorazio gehiago egin aurretik denbora eskatu zuen. Bestalde, auzian Tolosako Udala sartu zuen. Jeltzaleen ustez, Tolosako Udalak ez zuen koordinazio ona egin Ertzaintzarekin. Esaterako, larrialdietarako erabiltzen den eremua aurten txosnagunea izan dela adierazi zuen. Adierazpen horiek herri-plataformako kideen aurkako erantzuna sortu zuen.

PSE-EEko Eduardo Gonzalez bozeramaileak adierazpen laburragoa egin zuen. Senitartekoei laguntza eskaini zien. Alabaina, ikerketa burutu arte ez zuela baloraziorik egingo erantsi zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!