“Gure helburua da hau epaiketa publiko batean eztabaidatu ahal izatea, jendearen eta prentsaren aurrean”, azaldu du Larrartek. “Hemen eztabaidatu behar dena da ea poliziak 'antidisturbios' materiala erabili zuenean, ondo erabili ote zuen, legea betez erabili ote zuen eta behar zen distantzian eta altueran bota ote zuen” gaineratu du.
Beste lekuko batzuk eskatu dituzte epaiketan, eta gertaeren irudi batzuk ere aurkeztuko dituzte. Irudi horietan, Ertzaintzak pilota nola jaurtitzen duen ikus daiteke, eta defentsaren arabera, ez dute altuera egokian egiten.
20 minutuz aritu da Xuhar epailearen aurrean, eta abokatuak adierazi duenez, "epaileak jarrera ona izan du” eta “ez da kasua artxibatu zuen epaile bera izan". Xuhar, Aiert Larrarte abokatua eta Ertzaintzaren abokatua sartu dira epaitegira.
Babesa
Xuhar Herri Plataformak deituta, gazteari babesa emateko elkarretaratzea egin dute 10:30ean, Tolosako epaitegiaren aurrean. Bertan izan dira gaztea epaitegitik atera arte.
Kasua eta ondorioak
2024ko otsailaren 13an, Tolosako Inauterietan, Xuhar Pazos gaztea larri zauritu zuen Ertzaintzak, foam pilota batekin. Pilotak begian jo zion eta, ondorioz, ikusmen-galera iraunkorra eragin dio.
Gaztearen aitak, Jon Pazosek, azaldu du semeak begi bateko ikusmen zuzena galdu duela eta, printzipioz, ez duela inoiz berreskuratzeko aukerarik izango. “Urte eta piko honetan ari da bere bizitza ahalik eta normaltasun handienarekin hartzen ikasten. Begi bakarretik ikusten du, distantziak berriz ikasi beharra ditu, eta muga bat izaten ari da bere egunerokoan”, gaineratu du.
2024ko azaroan kasua artxibatu zuen epaileak, baina, 2025eko irailean berriz ere kasua irekitzeko agindua eman zion Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Tolosako 1. Instrukzio Epaitegiari.
Egia, justizia, aitortza
Ertzaintza herritarrak zaintzeko dagoela eta ez jendea jipoitu edo itsu uzteko nabarmendu du aitak, eta gaineratu du Ertzaintza epaitu behar bada, epaitu egin behar dela, beste edozein pertsona bezala.
“Biktima hauei aitortza, justizia eta egia zor zaie”, epaiketa publiko bat eskatu dute, gertatutakoa behar bezala eztabaidatu ahal izateko.