Amasa-Villabona eta Irura lotzen dituen bidegorri berria inauguratu dute

Aiurri 2026ko urtarrilaren 23a

Amasa-Villabona eta Irura arteko bidegorri berria inauguratu dute gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak bultzatuta. Azpiegiturak bi udalerrien arteko lotura hobetzen du, eta mugikortasun seguruagoa, irisgarriagoa eta jasangarriagoa eskaintzen du eguneroko joan-etorrietarako zein aisialdirako. Bideoan, Amasa-Villabonako alkate Beatriz Unzueren adierazpenak entzun daitezke.

Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkate eta Gorka Murua Irurako alkatearekin batera, bi udalerriak lotzen dituen bidegorri berria inauguratu du gaur. Azpiegitura hori funtsezkoa da mugikortasun aktiboa, jasangarria eta segurua sustatzeko, bai eguneroko joan-etorrietarako, bai aisialdirako.

Jarduketak 3.177.000 euroko azken aurrekontua izan du, hau da, % 32ko hazkundea hasierako aurrekontuarekin alderatuta, azpiegituraren segurtasuna, funtzionaltasuna eta jasangarritasuna bermatzeko beharrezkoak diren aldaketa tekniko garrantzitsuen ondorioz.

Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, "bidegorri hau azpiegitura estrategikoa da mugikortasun-eredu garbiago, seguruago eta irisgarriago baterantz aurrera egiteko. Bizikletaren eta oinezko joan-etorrien aldeko apustua egitea osasunaren, lurralde-kohesioaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren aldeko apustua egitea da".

Ibilbide berriak 1,83 kilometro inguruko luzera du, eta Amasa-Villabona eta Irura lotzen ditu ibilbide seguru eta irisgarri baten bidez. Ibilbide hori lurraldeko bizikleta-sarean integratzen da, eta hiriguneen, industrialdeen eta hezkuntza-ekipamenduen arteko lotura errazten du.

Azpiegituraren segurtasuna eta integrazioa hobetzeko aldaketa teknikoak
Obrak egin bitartean, egiturazko aldaketak egin behar izan dira, lehendik zeuden zerbitzuei eragitearen ondorioz, eta horrek proiektuaren zenbait elementu sakon berrikustea ekarri du.

Zehazki, pasabidea aldatu eta berriz kalkulatu da, eta, ondorioz, kostua handitu egin da; gurutzatze-pasabideko pilareak birkokatu dira, eta bi arrapalen abio-hormak aldatu dira. Azkenik, lauza irtenak egin dira. Jarduketa horiei esker, azpiegitura ingurunera hobeto egokitu da, eta segurtasun-estandar handienak bermatu dira.

Mugikortasun jasangarriaren zerbitzura dagoen azpiegitura
Bidegorria gasolindegitik eta Amasa-Villabonako beilatokitik igarotzen da, 34. industrialdea eta Ibaiondo zeharkatzen ditu, eta Irurako eskolara eta udalerriko herrigunera iristen da.

Trazadurak bizikleta eta oinezkoen arteko tarte partekatuak eta tarte bereiziak konbinatzen ditu, eta arrapalak eta N-1 errepidea segurtasunez gurutzatzeko pasabide bat barne hartzen ditu.

Bestalde, Amasa-Villabonako alkate Beatriz Unzuek azpimarratu duenez, Amasa-Villabona eta Irura lotzen dituen bidegorri berriak "bi herrien arteko mugikortasun aktibo eta jasangarria errazten duela, eta lanera bizikletaz joateko aukera erreala eskaintzen duela".

Halaber, azpiegiturak osasunean eta N-1eko trafikoa murriztean duen eragin positiboa azpimarratu du, eta Udalak Jasangarritasun Departamentuarekin lankidetzan jarraitzeko borondatea berretsi du, bidegorri sare jarraitu eta ondo konektatu baten alde aurrera egiteko.

Irurako alkate Gorka Muruak adierazi duenez, "Iruraren eta Amasa-Villabonaren artean bizikleta-konexio eroso eta segurua izatea aspalditik aldarrikatutako beharra zen. Bidegorri honek mugikortasun garbiko aukera berriak irekitzen ditu herritarrentzat eta gure udalerrian lan egiten dutenentzat".

Europako finantzaketa eta deskarbonizazioarekiko konpromisoa
Obra Jasangarritasun Departamentuak finantzatu du, eta Europar Batasuneko EGEF funtsen bidez kofinantzatu da, mugikortasun jasangarragoarekiko eta garraioaren deskarbonizazioarekiko konpromisoa indartuz.

Jarduketa hori Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean eta Donostia eta Beasain lotzen dituen I-3 ibilbidean sartzen da, eta bizikleta-sare jarraitua, segurua eta konektatua lortzen laguntzen du.

Bidegorri honen inaugurazioarekin, beste urrats bat eman da mugikortasun-eredu osasungarriago, irisgarriago eta ingurumenarekiko errespetutsuago baterantz, jasangarritasunaren eta lurralde-kohesioaren helburuekin lerrokatuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!