2019ko udal hauteskundeak

EH Bilduk agintaldi berrirako hautes programa aurkeztu du

Aiurri 2019ko api. 11a, 10:20

Andoaingo EH Bilduk maiatzaren 26rako hauteskunde programa aurkeztu du. Ekitaldi irekian, aurrera eraman nahi dituzten egitasmoak azaldu zituzten. Andoni Alvarez, Esti Mujika, Jon Zulueta eta Garazi Usandizaga lehen lau hautagaiak izan ziren hitza hartu zutenak.

  • Euskara alorreko aipamenak eginez hasi zuten ekitaldia. Euskararen erabilera areagotzea, ikasteko garaian doakotasunera iristea eta euskara prestigiatzeko ekimenekin bat egitea izan ziren proposamenen artean hizpide izan zituztenak.
  • Berdintasunaren bidean, azken lau urteetan urrats erabakiorrak eman dira. Eta horretan sakondu nahi dute: “Emakumeen etxea sortuko dugu behin liburutegi berria egiten dugunean”. Proposamen gehiago: Biktimen erreparazioa, Berdintasun politikak udalaren jardun guztietara eramatea...
  • Kulturan kultur, antzerki eta erraldoi eta buruhandien konpartsarako gunea sortu nahi dute Opuako eraikinean. Udal liburutegi berria Makaldegian eraikitzea proposatu dute.
  • Aniztasunari dagokionez, harrera izateko protokoloa sortzea eta Ongi etorri Andoainera programa sustatzen jarraitu nahi dute.
  • Hezkuntzan, besteak beste, “Andoaingo hezkuntza eremuan balore amankomunak lantzeko bitartekoak” jarri nahi dituzte.
  • Gizarte zerbitzuak: Adinduen bakardadea saihesteko programak, Eguneko zentruko eraikinean hobekuntzak edota herritarren arteko elkartasun sareei garrantzia ematea dira EH Bilduren proposamenak.
  • Jarduera fisikoa eta kirola: Proposamen handiena kiroldegia handitzea da. Bestalde, “jarduera fisikoan eta kirolean aniztasuna, inklusioa eta genero ikuspegia txertatu” nahi dute.
  • Gazterian, agintera iritsiz gero, gazteria teknikariaren plaza sortuko dute. Eta baita Gazteria kontseilua sortu ere. Besteak beste, Gazte Plana eguneratu eta garatzeko.
  • Sustapen ekonomikoa eta tokiko garapena: Garapen Agentziaren sorrera, langabetuentzat enplegu politikak, merkataritzan PERCO plana garatzeko bitartekoak jartzea.
  • Turismo jasangarria irizpidetzat hartuta, Leitzaran Bisitarien Etxearen dinamika indartu nahi dute eta baita ondare kulturalean sakontzea ere. Egitasmo zehatzen artean, bi: Alojamendua Irigoienazpikoan eta autokarabanen aparkalekua Leitzaran ikastetxearen atzealdeko lursailean.
  • Hirigintzan, Plan Orokorra berritzearekin batera, Etxeberrieta eta Ama Kandidako garapenak bideratu nahi dituzte, eta Gabriel Aresti eta Galardiren urbanizazioak hobetu.
  • Zerbitzuetan publifikazioaren bidean sakondu nahi dute: “Publifikatu daitezkeen zerbitzuen azterketa eta egutegia egingo dugu”. Horrez gain pabiloi berria eraiki nahi dute Illarramendin, udal lurretan.
  • Mugikortasunari dagokinez, Hiribusaren bigarren linea martxan jarri nahi dute Extremadura, Plazaola, Calonje eta Arantzibia auzoak kontutan hartuz.
  • Irisgarritasunean, “herriko komertzio eta ostalaritzan irisgarritasuna bermatzeko ekimen bateratuak” sustatu nahi dituzte.
  • Langilerian langileen balorazioa amaitu eta langileen ordezkariekin lan eskaintza publikoaren egutegia adostu nahi dute .
  • Teknologiei dagokionez, “herritarren ahalduntzerako eta eskubide digitalen hedapenerako plan berezitu bat gauzatuko dugu”.
  • Trafikoa eta aparkalekuak: Trafikoa berroantolatzeko egitasmoa eta herriko aparkalekuen ikerketa egiteko asmoa dute.
  • Elkarbizitza eta memoriari dagokionez, “memoria partekatu baterantz”, martxan dagoen mahaiaren aldeko apustua egiten dute. Presoen auziari konponbidea emateko urratsak emateko prest agertu ziren.
  • Partaidetza agintaldiaren ikurretakoa izan da, eta agintaldi berrirako, partaidetza ordenantza osatu nahi dute.
  • Beste erakundeei hainbat eskakizun egiten dizkiete. Gipuzkoako Foru Aldundiari, “N-1 eta A-15ean errepide alboan panel akustikoak behingoz jarri ditzaten lan egingo dugu, Bazkardoko lotunean sortzen diren erretentzioari irtenbidea eman eta Sorabillako saneamenduko obra egiteko plangintzari jarraipena ematea”. Eusko Jaurlaritzari, berriz: “Ziako errekatxoaren obrari ekin eta behin betiko irtenbidea ematea, Algodonerako emakumeen plazako garajeei behinbetiko irtenbidea ematea eta Uholdeen kontrako neurriak hartzea exigituko dugu”.
Erlazionatuak

EH Bilduren aurkezpen ekitaldia

Amaia Senperena 2019 mar 30 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!