2019ko udal hauteskundeak

Ikusmin handia alkategaien arteko debatean

Aiurri 2019ko mai. 16a, 09:24

Hiru hautagaien arteko debateak ikusle askoren arreta bereganatu zuen, ekitaldi aretoa ia bete egin baitzen. Amaitzear den agintaldiaz, hauteskunde programaz edota akordio politikoez aritu ziren Andoni Alvarez (EH Bildu), Maider Lainez (PSE-EE) eta Marijose Izagirre (EAJ-PNV) alkategaiak.

Soseguz eta normaltasun osoz igaro zen debatea, zeinean hautagai bakoitzak argudio sorta zabala aurkezteko aukera izan zuen. Oro har, alderdi bakoitzak bere hautes-programan iragarritakoa luze eta zabal aurkeztu zuen. Eztabaidagai bilakatu ziren Udal liburutegiaren inguruko egitasmo eta kokapen ezberdinak, Bazkardoko lotunea, Leitzaran harana eta turismo jasangarria sustatzeko eredu ezberdinak edota hondakinen kudeaketari buruzko ikuspegiak. Eta baita beste hainbat alorretako aztergaiak ere.

Maiatzaren 26tik aurrera egon daitezkeen akordio politikoei begira, Basteron entzundakoagatik, aukera guztiak zabalik daudela ondorioztatu daiteke. Alvarezek hautes zerrenda bozkatuena errespetatzeko eskaera egin zuen. Lainez programen inguruan akordioak lortzeko prest azaldu zen eta Izagirrek, bere aldetik, hauteskundeen irabazleari gobernua osatzeko abantaila aitortu zion.

Bizikidetzari dagokionez, ñabardura gutxi izan zen. Denen ahotan izan zen azken agintaldian gorpuztu den agintarien bizikidetza mahaia. Eta bakoitza bere argudioekin izan bazen ere, alor horretan egindakoa ontzat hartu zen.

Laburbilduz, –datozen orduetan debatearen hainbat bideo zabalduko ditugu– Alvarezek Gobernu taldeak azken urteotan egin duen lana anbizioz jokatzen jarraitzeko abal modura aurkeztu zuen. Lainez sozialistak ezkerreko politikak egiteko bere alderdiaren balioa aldarrikatu zuen, eta Izagirre jeltzaleak euren alderdiak eskaintzen duen seriotasuna eta esperientzia aldarrikatu zuen.

Eskertza 

Aiurri astekariak antolatu zuen debatea. Eskertza adierazi behar diegu hiru hautagaiei, Basteroko lantaldeari, aldi bereko itzultzaile lanetan aritu ziren Amagoia Lizaso eta Jon Unanueri eta bertaratu ziren ikusleei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!