2019ko udal hauteskundeak

Alvarezen aldeko herritarren manifestuari erantzuna eman dio EAJ-PNVk

Aiurri 2019ko eka. 11a, 10:06

"Andoaingo herritarrek emandako aginduak, alderdi politiko ezberdinen artean adostasunetara iritsi beharra ezinbesteko egiten du" erantzun die Andoaingo EAJ-PNVk "Aukera bat merezi du" manifestuaren egileei. EAJ-PNVren erantzuna:

ANDOAINGO DEMOKRAZIAREN AHAZTURAK ETA BESTE
“AUKERA BAT MEREZI DU” manifestuari erantzunez

Arrazoi dute manifestua idatzi duten herritarrek apirilaren 28an eta maiatzaren 26an, “Demokrazia festa bana izan zela Andoainen, garrantzi handikoak eta normaltasuna nagusitu zela herrian” diotenean.
Aldiz, manifestuaren egileek esatea ahaztu dutena azpimarratzea gustatuko litzaioke Andoaingo EAJ-PNVri.
Zilegi eta arrazoizkoa da esatea, Andoaingo herriak, bere borondatez, normaltasunez eta edukazio osoz, bozkatu ondoren, sekula lortutako emaitza onenak lortu arren, Andoni Alvarezen alderdiak, EHBilduk alegia, ez duela Udalaren alkatetza eta ondorengo udal kudeaketa bermatua, zazpi zinegotzi lortu baititu, eta bederatzi zinegotzi behar baitira berme hori lortzeko.
Arrazoi dute, bi hauteskundeak alderatzen jarrita, maiatzaren 26ko Udal Hauteskundeetan alderdi batek eta bereziki hautagai batek jaso zuen emaitza azpimarratzean, Demokrazia garaiko bozka kopuru handiena jaso baitu.
Arrazoi dute, gainerako hautagaiei alde handia atera diela aldarrikatzean.
Hala ere, nabarmendu behar da, EHBildu-ko hautagaitzak ez dute Andoaingo herriaren erabateko bermea jaso.
Honenbestez, Andoaingo herritarrek emandako aginduak, alderdi politiko ezberdinen artean adostasunetara iritsi beharra ezinbesteko egiten du.
Hori da, hain zuzen ere, manifestuaren egileek esatea ahaztu dutena.

ANDOAINGO EAJ-PNV

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!