Erraldoi eta buruhandien konpartsak Andoaingo kaleak alaitu zituen larunbatean

Aiurri 2019ko urr. 28a, 15:41

Erraldoi eta buruhandien konpartsa kalejiran abiatu zen arratsaldeko 17:00etan Goikoplazatik, Zumea plazara geldialdiak eginez.

Eguraldi ezin hobea egin zuen asteburuan eta kaleak gainezka zeuden. Konpartsa umeen oihu eta barre artean abiatu zen Andoain barrena; Juanita Alkain plazan, Zubiaurren, eta Zumea plazan geldialdiak egin zituzten. Erraldoi eta buruhandien konpartsa dultzaineroak lagunduta egin zuen aurrera. Bidean zehar, Aitor Mendiluze bertsolariak idatzitako bertsoak entzuteko aukera ere egon zen.

Andoaingo konpartsa egiteko garaian bi gai nagusi hartu zituzten: Pertsonaia historikoak erraldoien kasuan (Juan Legarra eta Cecilia Legarra, Azelaingo bikotea), eta Trentxikiko lanbideak buruhandien kasuan (mehatzaria, olagizona, ikazkina, estraperlista, makinista, geltokiko nagusia eta arrieroa). Gauzak horrela, Andoaingo ondarea herriarekin partekatu nahi izan zuten konpartsako kideek larunbatean. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!