Itzuli nahi ez dugun garai batera garamatza paisaiak. Etxetik kanpo gosaltzen duten herritarrak ez dira gutxi, eta egun hauetan etxean egitea besterik ez dute izango. Danena, Txindoki, Urkiola, Edur eta Elizondo erabat itxita daude. Bastero eta Olloki kristal handiak dituzten tabernak dira. Barrura begira eta hibernazio luze baterako prest daudela antzematen da. Aterpekoak triste egongo dira, baina erakusleihoari erreparatuta indar berezia nabari zaie: Pintxoa eta kafea eramateko eskaintza, bazkariak atzeko atetik saltzeko oharra, janarien take away eskaintza aste osoan... Eustea ez da gutxi sasoi ilun honetan.
Kale-garbiltzaileak eta merkatu plazako langileak ohiko lanaldia egiten ari dira, espaloietan aurki daitezkeen ia negozio guztiak itxita daudela. Ernaitzan ilara zegoen, baita Bastero ertzeko kafetegian ere. Take away eramateko kafearen salmenta biderkatuko egingo da, panorama berri honetan. Askoz etxera edo bulegora eramateko, eta beste zenbait zigarroa erretzen duten bitartean hartzeko.
Euritik jo du goizak. Bart arratsaldean haize-hego zakarra zegoen eta herrikide ugarik herriko taberna eta plazatan afaltzeko aukera baliatu zuten. Galtzear den askatasunari heldu nahi izateko sentimendu modukoa zen, eta bereziki osatalariei elkartasuna adierazteko keinua.
Luze joko du egoera honek familia askorengan. Abenduaren 1erako terrazak berriro zabaltzen badituzte, gaitzerdi!