Ostalariak egoera zailean berriro ere, atzera buelta

Aiurri 2020ko aza. 7a, 15:48

97 eta Txitibar tabernak, ateak itxita

Eusko Jaurlaritzak ostegun arratsaldean iragarri zituen larunbatean martxan jarriko ziren neurri berriak. Ostalarien amets gaiztorako, berriro ere ateak istera behartuak izan dira, milaka langileren etorkizuna kolokan jarriz; izan ere, ostalaritzan jende ugarik egiten du lan zuzenean edo zeharka.

Aiurri zenbait tabernari eta ostalarirekin jarri da kontaktuan euren iritzia jasotzeko. Askok ez dute hitz egin nahi izan; batzuk haserreagatik edo tristuragatik, eta beste batzuek negarrari eutsi ezinagatik.

Iritziak

Anaiak eta Lanbroa tabernak, Mikel eta Eztebe: "Osasun egoera larriari aurre egitea ezinbestekoa da eta horretarako tabernak itxi egin behar badira, itxiko ditugu. Ez dugu uste ostalaritza denik guzti honen errudun edo itxiarazteak asko lortuko duenik. Bestalde, ziur gaude negozio, langile eta familia asko egoera jasangaitzean eta larrian utziko dituztela. 2-3 hilabetez itxita egon ostean, azken boladan neurri askorekin lan egin dugu eta orain berriro itxi behar izan dugu. Laguntzak behar dira ostalaritzan ari direnei larru gorritan edo langabezian ez uzteko. Sektore handia da, jende askoren eguneroko ogiarekin jolasten ari dira. Eusko jaurlaritzak, udaletxeak zein gobernu zentralak laguntzak eman beharko lituzkete, bestela negozio asko itxi egin beharko dira eta langile asko langabezian geratuko dira". 

97 taberna, Alex: "Egoera hau oso zaila da guztiontzako, ostalaritzan lan egiten dutenentzako eta, baita enpresetan aritzen direnentzako ere. Lehen aldiz tabernak itxi zituztenean gogorra izan zen, baina tabernak ireki, lanean hasi eta diru apur bat berreskuratzen hasi ginen. Egoera errepikatzen ari da, berriro ere pertsiana jaitsi behar duzula pentsatzean, eraitsi egiten zara, ez duzu indarrik eta izorratu egiten zara. 

Azken finean, gertatzen diren gauzak dira, guztiok igaroko dugu etapa hau. Indartsuak izan behar gara, guztion artean elkar babestu eta borrokatu egin beharko dugu, ez dago besterik. Hau ere igaroko da, eta, orduan, inoiz baino indartsuagoak bueltatuko gara".

Mizpiradi sagardotegia, Jon Mikel: "Hartu diren neurriak oso gogorrak dira sektorearentzako. Batzuei besteei baino gehiago eragiten dire, hala ere oso neurria gogorrak. Lehenagotik ostalaritza gaizki zegoen, aurreko hilabeteetan hartutako neurriengatik. Hala ere, badakigu, egoera ez dela batere erraza. 

Gure kasuan, datorren urterako sagardoa egin dugu, eta egoera hobetzean tabernak eta jatetxeak irekitzen uzten dutenean, geuk ere ateak zabalduko ditugu. Hurrengo urtean, sagardo denboraldia ahal bezain beste luzatzen saiatuko gara".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!