Covid19 | Datuak egunez egun

"Txertoa ez da soluzio bakarra izango"

Mikel Arberas 2021ko urt. 24a, 09:04

Erizainak adinekoen egoitzatan ari dira txertaketa egiten. ©irekia

Eli Isasi Agirre Andoaingo erizaina COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpainan parte hartzen ari da: hango eta hemengo adinekoen egoitzatako egoiliarrei txertoa jarriz.

Erizaina zara ogibidez, Osakidetzan. COVID-19aren txertaketa- kanpainan parte hartzen ari zara. Ardura handia somatzen duzu egunotan?

Egia esan ez dut ardura hori nabaritzen. Bagenekien txertaketa iritsiko zela eta prestaketa guztia oso azkar joan da. Eguna iristeko desiatzen ari ginen, martxa hartzen hasteko. 

Adinekoen egoitzara egokitu zaizue joatea. Zer moduzko harrera izaten ari zarete? Beldurra da nabari helduengan?

Esker oneko agertu dira, gehienbat. Jendea txertoaren zain zegoen eta tokatu zaigu jendea txertaketa iritsi den momentu horretan hunkituta ikustea. Egoera horrek, nola ez, harritu egiten gaitu, eta horrelakoetan, konturatzen gara adinekoen egoitzen egoera zein den. Kanpotik beste modu batera ikusten ditugu gauzak, eta eurek bakarrik dakite egoera hau nola bizi duten. Oro har, jaso dugun erantzuna oso ona izan da.

Irudikatzen al zenuen egoera honetara iristea eta pandemiaren txertaketaren garai honetan horrelako protagonismoa hartzea?

Ez, ni egia esan beranduago iritsi nintzen. Pandemia hasi zenean amatasunagatik etxean nengoen. Beraz, hasieran pandemiarekiko izan nituen bizipenak oso ezberdinak izan ziren. Lanera itzuli nintzenean, ikusi nuen benetako egoera zein zen. Etxetik eraman nuen pentsamendua zen ez zela horrenbesterako izango, baina egoera ez da xamurra izan. Beraz, irtenbidea txertoaren bidez ikusten dugu.

Txerto honek zer nolako zeharkalteak sortzen ditu, jarri eta lehen egunetan?

Edozein txertok sortzen ditu zehar-kalte horiek. Gripearen kanpainan edo ume bati txertoa jartzen diodanean askotan sukarra izaten da, edo gorritasuna agertzen da txertaketaren inguruan. Txertoak izan ditzakeen ondorio normalak dira horiek; beraz, honek ere ondorio horiek ditu. Jarri eta gutxira zonaldea gorritu egiten da, molestia antzematen dugu, min apur bat edota sukarra eta katarro pixka bat izaten dugu, baina oso ohikoak izaten dira ondorio horiek. 

Estatu mailako beste erkidego batzuetan txertaketa askoz azkarrago doa. Arrazoi berezirik egon al daiteke?

Tolosaldean edo Gipuzkoan daukagun egoera esango dizut. Gure lantaldeari aste hasieran txerto kopuru jakin bat iristen zaio, eta guztiak aste horretan bertan jartzen ditugu. Beraz, ez dakit zein den arazoa, guk ezin dugu azkarrago joan txertorik ez dugun bitartean. Txertoak ditugunean, asteburuetan ere lan egin izan dugu. 

Etorkizun labur batera begira, zein panorama aurrikusten duzu?

Uste dut luzerako izango dela. Irtenbide bakarra ez da txertoa izango; prebentzio neurriekin jarraitu beharko dugu denbora luzez. 

 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 575. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!