Andoaindarra ezkor agertu da etorkizunari begira; pasa den urtea gogorra izan dela nabarmendu du, eta datorrena ez dela asko aldatuko. Hala ere, Andoain eremu gorritik noiz irtengo zain daude, behintzat, sagardotegia ireki ahal izateko. Dena den, pandemiak sortu dituen kalteak handiak izan dira: “Galera handiak eduki ditugu eta edukiko ditugu. Sagardotegia itxita egonda ere, gastuak ordaintzen jarraitu behar dugu”.
Egoera honi aurre egiteko, modu batera edo bestera, sagardotegia irekiko dutela azpimarratu du Gaztañagak. Sagardogilearen esanetan, batzuek hiru hilabetez soilik irekitzen dute, baina Gaztaña sagardotegia urte osoz egonen da irekita, “geldirik egonda ez dugu irabazirik edukiko”.
Esanak esan, neurrien eta arauen gaineko ziurgabetasuna handia da. Hala adierazi du andoaindarrak: “Geuretzat eromena da, uneoro legeak aldatzen dituztelako. Oraintxe irekiz gero, agian, hilabetera berriro ere ateak itxi behar ditugu. Ez da posible egun batetik bestera sagardotegia itxi behar izatea, eta salerosgaiekin zer egin ez jakitea”.
Hala eta guztiz ere, guztia ez da negatiboa izan; pasa den urtean ia sagardo guztia saldu baitzuen Gaztañagak. “Lehenengo konfinamendua egin genuenean, familiei saltzen hasi ginen; egia esan, herritarrengandik harrera ona jaso genuen”. Hori horrela, etxerako zerbitzua eskaintzen ari dira, “nik eramaten dut sagardoa etxeetara. Muga perimetrala amaitzean; lan gehiago edukiko dugunez, sagardo bila hona etortzeko eskatu nahiko genuke”.