Urte gutxi daramatza sagardogileen munduan, baina jada esperientzia ugari du. Andoainen kokatuta dagoen Mizpiradi sagardotegiaren jabea da. Azken urteetan, jantokia astebururo betetzen zuen, baina pandemiaren egoera dela medio, aldaketa ugari bizi izan ditu, baita une gogorrak ere.
Aurtengo egoera oso zailtzat du Arruabarrenak, pasa den urtea bezalaxe. Andoaindarraren ustetan, ziurgabetasuna da sagardotegiei kalte gehien eragiten diena; izan ere, lege edo arau bakoitzaren arabera moldatu behar dira: “Espero dugu, etorkizunari begira egoera hobetzea eta berriro ere, neurri batean, normaltasunez lanean hastea”.
Esanak esan, asko dira sagardotegia irekiko ez dutenak dirua galtzearen beldur. Bestalde, Arruabarrenak irekitzearen aldeko apustua egingo du, “Andoainen bi sagardotegi soilik egonda, lan apur bat egiteko aukera egongo dela uste dugu”. Hala ere, itxiera perimetralak sagardotegietan kalte izugarriak eragin dituela nabarmendu du. Hala eta guztiz ere, gehitu du arau guztietara moldatuko direla eta orain arte bezalaxe lanean jarraituko dutela: “Segurtasun eta higiene neurriak bete ditugu, eta betetzen jarraituko dugu”.
Bestalde, askok galdetzen dute egoera honetan soberako sagardoarekin zer egiten den. Mizpiradiren kasuan, andoaindarrak azaldu duenez, pasa den urtean ez zen sagardo soberakinik sortu. Eta gehitu du aurtengoan ezer gelditzen bada ozpinetarako erabiliko dutela.