Azken bi urteetan egon diren aldaketak irudikatzeko eredu bat erabili beharko bagenu, Santa Krutz jaietakoa oso aproposa da. Duela ez asko, 2019an, jaiak bere horretan ospatu ziren. Birusaren arrastorik gabeko Andoain hartan hamaika ekitaldi egin ziren. Guzti-guztiak kalean, eta ez jende gutxiren alboan.
Birusa agertu zen 2020aren hasieran, eta konfinamendu gogor batean murgildu behar izan genuen. Askatasun pixka bat lortzen hasi ginenean iritsi ziren jaiak. Etxeko giroan ospatu ziren, nahiz eta pantailak besteekin ospatzeko aukera eman. Jai Batzordeak parte hartzea sustatu zuen, eta erantzun bikaina jaso zuen. Gaizki geunden, baina etorkizuna hobea izango zen itxaropena ez zuen ia inork ukatzen. Hilabeteak igaro dira, birusa olatuz olatu gaurdaino iritsi da eta Santa Krutz jaiak bere horretan antolatzeko aukerarik ez da izango. Askoren animoan eragin dezakeen albistea da, jaiak auzo eta herri izaera hori indartzeko behar beharrezkoa delako. Denok ere komunitatearen parte garela sentitzeko premia dugulako.
Jaien ordez zuhurtzia eskatu dute agintariek. Gaur arinkeriaz jokatzeak kutsatze berriak sor ditzakeelako bihar, eta kutsatzeen ondorioz ospitaleratze berriak hurrengo egunetan. Eta horixe da egun hauetako drama: Gipuzkoan ospitalak betetzen ari direla. Ez da festarako sasoia.