Antzeko eta tamaina handiko udalerrien artean Andoaingo ID tasa oso goian dago, eta horrek berez esan nahi du birusa ez dagoela kontrolpean. Atzoko datuaren arabera, 5,04koa da. Osakidetzaren arabera, “tasen arrazoiaren balioa 1en azpitik dagoenean inzidentzia-tasak behera egin duela esan nahi du”. Andoaingoa oso urruti dago 1 horretatik. Eta gainerako udalerriekiko duen aldea oso handia da:
- Donostia: 1,51
- Lasarte-Oria: 1,25
- Tolosa: 1,67.
- Hernani eta Urnieta: 3,13.
- Andoain: 5,04.
Andoain tamaina bereko eta handiagoko udalerrien artean gaikaldean dago.
Nola egiten da ID tasaren kalkulua?
Aurreko asteleheneko intzidentzia-tasa 160,13koa zen. Eta astelehen honetakoa 807,31. Bien arteko zatidura 5,04 da. Horren atzean zer dago? Positibotasunaren igoera ikusgarria, eta ondorioz intzidentzia-tasaren areagotzea. Datuak aztertzen ditugunetik, Andoainen ez da horrelako igoerarik egon.
Intzidentzia-tasa handiagoan izan da Andoain, baina sekula ez da horrelako igoera handirik eman. Gaurkoz, seinaleak ez dira batere onak. Eta intzidentzia-tasa are gehiago igoko da. Datorren osteguneko boletinak bizi dugun egoeraren inguruko argazki osatutagoa eskainiko digu. Intzidentzia jaistea oso zaila izango da, aldiz, are gehiago igotzea posible izan daiteke.
Positibotasuna goi-goian
Zazpi egunetako erreferentzia hartuta, Andoainen ez da sekula atzokoan bezain beste kasu izan. Hauxe positibotasuna gehien izan zen ranking-a:
- 107 positibo. 2021eko azaroaren 21n, aurreko zazpi egunak kontutan hartuta.
- 83 positibo. 2020ko azaroaren 6an, aurreko zazpi egunak kontutan hartuta.
- 72 positibo. 2021eko urtarrilaren 26an, aurreko zazpi egunak kontutan hartuta.