Arrate Fernandezek Aiurri-ri urrian eskaini zion elkarrizketan, "Gure Hots"aren nondik norakoa azaldu zuen; ikusentzunezkoan narratzaile den Leire Zinkunegirekin batera agertu zen orduan.
Hona zeintzuk diren "Gure Hots"en hitza hartu duten emakumeak: Irantzu Varela (kazetaria), Caroline Philips eta Maddi Zubeldia (abeslariak), Josebe Iturriotz (aktibista feminista), Alicia Aleman (soziologoa), Nekane Jurado (ekonomilaria), Maite Aristegi (abokatua), Ane Ablanedo eta Arantza Urkaregi (unibertsitate irakasleak), Maite Iturralde (medikua), Itxaro Borda (idazlea), Alaia Martin (bertsolaria) Esti Besa (enologoa) eta Isabel Elizalde (Landa garapenerako teknikaria).
Horietatik hiru, Arantza Urkaregik (unibertsitateko irakaslea), Caroline Philipsek (abeslaria) eta Esti Besak (enologoa) parte hartu zuten Durangoko Irudienean, euskarazko ikusentzunezkoen gunean egindako aurkezpenean (estreinaldiaren ondorengo solasaldia, bideoz ikusgai behean).
Fernandez zuzendariak Durangon gogoratu zuenez, guztiek ere Euskal Herria eta emakumeak dituzte hizpide, eta iraganaz, orainaz eta etorkizunaz mintzo dira. Berdintasunaren alorrean azken 40 urtetan egindako bidearen kronika egiteaz gain, etorkizunerako argi izpiak proiektatzen dituzte.