Sanchezen azken erabakia salatzeko, elkarretaratzea deitu du Hurria Sahara elkarteak

Aiurri 2022ko mar. 22a, 19:14
Sahararen burujabetasunaren alde 2020ko urrian egin zen elkarretaratzea

Pedro Sanchez Espainiako Presidenteak Sahara eta Marokoren arteko gatazkaren gainean hartu berri duen erabakia salatzeko, Andoaingo Hurria Sahara elkarteak martxoaren 23an, asteazkenarekin, elkarretaratzeko deia luzatu du. Ekimena Goikoplazan, 18:30etik aurrera izango da.

 

Hautsak harrotu ditu Sanchezek Mohamed VI.a Marokoko erregeari oraindik orain bidali dion eskutitzak; izan ere, bertan aitortzen baitio Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea dela gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena».

NBEk (Nazio Batuen Erakundea) maiz egin izan ditu ebazpenak Saharako herriak burujabe izateko eskubidea aitortuz, eta harridura eta haserrea eragin du Sanchezen azken erabaki horrek.

Horrela, Andoaingo Hurria Sahara elkarteak dei egiten die andoaindarrei bertan parte hartuz erabaki horren aurkako jarrera adieraz dezaten. Ohar baten bidez adierazi duenez, “Une hauetan Saharauien ondoan egon beharra daukagu, andoaindarren elkartasuna eta indarra beharrezkoa da aldarrikatzeko Saharako etorkizuna bertako herritarrek erabaki behar dutela autodeterminazio erreferendum baten bitartez, Nazio Batuek ezarritako oinarrien arabera”.

Andoainen, 2020ko urriaren 21ean egin zen Saharako herriaren aldeko azken elkarretaratzea. Jendetza bildu zen orduan, erreferenduma egitearen aldeko aldarria eginez.

 

Saharako herritarrak Andoainen

Azken urtetan Andoainera bizitzera heldu diren saharar errefuxiatuek maiz azaldu izan dute Saharako lurralde okupatuetan bertakoek bizi duten zapalketa, eta zein den irtenbiderik justuena.

Aiurrin eskaini izan dituzte elkarrizketak; hala nola Dadai Sabautek 2017ko urrian, edota Tecber Brahim eta Chaia Bayk aurtengo otsailean.

Igandean Sahararen alde Basteron ospatzekoa den bertso saioan ere sei bertsolariek gaia jorratuko dute, ziurrenik.

 

Sahararen aldeko adierazpen instituzionala

Aurten, otsailaren 24an egindako udalbatzan, Andoaingo Udaleko lau alderdiek, PSE-EEk, EAJ-PNVk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, Saharako herriaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zuten.

Besteak beste, “Marokok Mendebaldeko Saharan duen presentzia legez kanpokoa dela” salatzeaz gain, berretsi zuten “Mendebaldeko Sahara Lurralde Ez Autonomoa dela, Nazioarteko Zuzenbidearen menpekoa; inoiz ez da Marokoko Erresumakoa izan, eta, horregatik, Mendebaldeko Sahararen legez kanpoko okupazioa bertan behera uzteko eta Saharako Herriak autodeterminaziorako duen eskubidea gauzatzea ahalbidetzeko exijitzen diogu”.

 

Hona adierazpen instituzionala, osorik:

“Otsailaren 27an, saharar herriak Saharako Estatuaren (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa-RASD) sorreraren 46. urteurrena ospatuko du, eta egun seinalatu horren harira aurkeztutako adierazpena da.

Hurria Sahara Elkarteak udaletxean aurkeztu zuen idatzian, 1975etik luzatzen den Mendebaldeko Saharako gatazkan lurralde okupatuetan bizi diren biztanleek eta baita Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan bizi direnek giza eskubideen urraketak pairatzen dituztela gogoratzen da, eta azken aldian gertatutako zenbait gertakizun aipatzen dira.

Hona "SEADen 46. Urteurreneko adierazpen instituzionala", osorik:

"Egun batzuk barru, 2022ko otsailaren 27an, saharar herriak Saharako Estatuaren (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa-RASD) sorreraren 46. urteurrena ospatuko du.

46 urtez Mendebaldeko Sahara okupatu eta saharar herria borrokatu ondoren, egoera konpondu gabe dago oraindik, eta, bai lurralde okupatuetan bizi diren biztanleek, bai Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan bizi direnek, giza eskubideen urraketak pairatzen dituzte, eta Marokoren okupazioaren pean edo babes-kanpalekuetan bizitzera behartuta daude.

Testuinguru horretan, Nazio Batuek Fronte Polisarioaren eta Marokoko Erresumaren arteko elkarrizketak desblokeatzeko egindako urratsak, zazpi urte baino gehiago daramatzatenak, zapuztu egin dira Idazkari Nagusiaren Ordezkari Pertsonalaren, Kohler jaunaren, dimisioarekin, Marokok etengabe xantaia egin duelako eta NBEko Segurtasun Kontseiluko kide diren herrialdeek ez dutelako ekintzarik egin. Kdhler jaunak dimisioa eman zuenetik ia bi urte eta erdi igaro ondoren, NBEko idazkari nagusiak Staffan de Mistura diplomatiko italiar-suediarra izendatu zuen, 2021eko azaroaren 1ean, ordezkari pertsonal berri gisa. Mistura jaunak 2022ko urtarrilean bira bat hasi du eskualdean, Fronte Politikoaren eta Marokoren arteko bake- prozesua berpizteko asmoz.

Marokoko Erresumaren eta Fronte Polisarioaren arteko negoziazioei berrekiteko ahaleginak babesten baditugu ere, 1975etik dirauen Mendebaldeko Saharako gatazkaren bi aldeok, biziki deitoratzen dugu De Mistura jaunak Marokoko Erresumak okupatutako Lurralde Ez Autonomoa bisitatu ez izana, erabat blokeatuta baitago 2015etik aurrera edozein ikuskapen independenterako, baita NBEko Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegorako ere.

Jakina da Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan MlNURSOren (Nazio Batuen Erreferendumerako Misioa Mendebaldeko Saharan) ardura ez dela oraindik sahararren giza eskubideen zaintza. Gainera, su-eten akordioaren amaieraren ondorioz, Marokoren okupazioaren pean bizi diren sahararrek bizi duten egoera oso kezkagarria da, asko gogortzen ari delako.

Izan ere, okupatutako Mendebaldeko Saharan giza eskubideen urraketak ez du etenik 1975etik. Baina 2020ko azaroaren 13an sua eten zenetik, 29 urtez indarrean egon zena, Marokoko okupazio-indarrek beren presentzia militarra eta paramilitarra areagotu dute, sahararren oinarrizko eskubideen urraketak areagotuz, eta egoera izugarri okertu zaie.

Etxebizitzetan indarrez sartzen dira, eta biztanleak atxilotu, mehatxatu, eta torturatu egiten dituzte.

Auzo osoak benetako ghetto bihurtu dira, Marokoko indarren etengabeko zaintzapean, eta haien helburu nagusia giza eskubideen defendatzaileak eta okupazio-indarren aurkako disidentzia-ahotsak isilaraztea da. Hori guztia bere herriak autodeterminaziorako eta independentziarako dituen eskubide legitimoak defendatzeagatik, Nazio Batuek aitortuta

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak ez du inolako interesik erakutsi Marokoko segurtasun-zerbitzuetako kide askok Sultana Jayaren familiari (Bojador okupatuan) etengabe, gau eta egun, egiten dioten jazarpenarekiko. Emakume babesgabeen familia batekin i2andako ankerkeria horrek, zeinak eguneroko eraso fisikoez, irainez eta bestelako laidoez gain, ikusten duen nola bere etxebizitza, sarbide guztietan likido zikin eta toxiko batez kutsatu duten Marokoko poliziek.

Nazioarteko araudi gehienek delitutzat jotzen dute arriskuan dagoen pertsonari ez laguntzea.

Era berean, Europar Batasunak eta Marokok arrantzaren arloan lortutako akordioari dagokionez, Europako Justizia Auzitegiaren epaia albiste eta aurrerapen garrantzitsu gisa hartu zen. Epai horren arabera, "Marokoko Erresumak Mendebaldeko Sahararen gainean duen subiranotasuna ez dute onartzen ez Europar Batasunak ez haren estatu kideek, ezta, modu orokorragoan, NBEk ere". Hala ere, eta epai horren aurka, 2019ko otsailaren 13an, Europako Parlamentuak Marokoko Erresumaren eta Europar Batasunaren arteko akordio negoziatua onartu zuen, zeinak legez kanpo okupatutako Mendebaldeko Sahararen lurraldea barne hartzen duen.

Oso une konplexua bizi dugu, EBrentzat estrategikoa den eskualde baten egonkortasuna serioski mehatxatzen duena, Saharako Herriaren eta Fronte Polisarioaren pazientzia ahuldu nahi duena, eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiaren aurkako egitate burutuen politika inposatu nahi duena.

EBko Auzitegi Nagusiak Fronte Polisario/EBko Kontseiluaren gaietan emandako epaiek (2021eko irailaren 29a) baliogabetu egin zuten EB-Maroko akordio ekonomikoak Mendebaldeko Saharara hedatzea.

EBko Justizia Auzitegiak hainbat epai eman zituen (C-104/16 P; C-266/16), merkataritza eta arrantza liberalizatzeko akordioak ezin zitzaizkiola Mendebaldeko Saharari aplikatu iritzita, "Saharako Herriaren baimena" lortu ez zuelako. Baldintza hori itunen autodeterminazio-printzipiotik eta eragin erlatibotik eratorritakoa da, Mendebaldeko Sahararen estatus bereizia "autonomoa ez den lurraldea" delako.

Mendebaldeko Saharako Herriaren ordezkari den aldetik, Fronte Polisarioaren aldeko azken bi epai horiek eragin handia izango dute EBk Marokorekin dituen harremanetan, eta Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko gatazkarik zabalenean parte hartzea ekarriko dute.

Oro har, epai horiek berretsi egin dute EB bereizteko politika saihestezina; izan ere, politika horren bidez, legez behartuta dago Mendebaldeko Saharako lurraldea Marokorekin dituen akordioetatik kanpo uztera. Hori funtsezko bi alderditan oinarritzen da. Lehenengoa, Mendebaldeko Sahararen estatusa da, Marokoko lurralde "bereizi eta desberdin " gisa (eta EBk aldi berean Marokok lurraldearen gainean duen subiranotasuna ez onartzeko duen betebeharra). Bigarrena, Mendebaldeko Saharako herriaren baimena lortzeko beharra da, bere lurraldearekin lotutako akordioak egiten direnean.

Marokoko Erresumak, bere aldetik, bere itsas eremua mugatzen duten bi legeren onarpena sustatu du parlamentuan, eta horrekin urratu egin du NBEren Itsas Zuzenbideari buruzko Konbentzioan ezarritakoa, jurisdikzio-urak hedatuz bere lurralde- uretatik 12 miliatara, Ekonomia Eremu Esklusibotik 200 miliatara eta Plataforma Kontinentaletik 350 miliatara, eta kontuan hartuta arau horrek urratu egiten duela nazioarteko zuzenbidea eta bereziki larria dela Sahara Lurraldea.

Erabaki horrek beste ezegonkortasun- eta probokazio-faktore bat sartzen du Mendebaldeko Saharako gatazkan, saharar herriari bere lurraldearen gainean aitortutako eskubide legitimoak alde batera utzita, eta, gainera, bere aberastasunen eta baliabide naturalen espoliazioa areagotuta.

Gaur abiatzen da nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmenen aurrean eraginik ez izateak eta potentzia okupatzailearekin, Marokorekin, lankidetza politiko eta ekonomikoak zigorrik gabe ez uzteko aro bat. Gaur inoiz baino gehiago, Espainiari eta Europar Batasunari gatazkan dituzten erantzukizunei aurre egin diezaietela eskatzeko unea da. Estatu espainiarraren kasuan bereziki, deskolonizatzeke dagoen azken lurralde afrikarraren (Mendebaldeko Sahara) potentzia administratzailea baita.

Era berean, oso beharrezkoa da misio instituzional desberdinen lana, lurralde okupatuetan sahararren aldeko adierazpen-, bilera-, elkartze- eta manifestazio- eskubideen urraketa larriak egiaztatzeko, eta Nazio Batuen ebazpenak betetzeko eta giza eskubideak errespetatzeko exijitzeko.

Horregatik guztiagatik:

Berresten dugu Fronte Polisarioa dela Saharako Herriaren ordezkari legitimoa eta bakarra, NBEk eta nazioarteko komunitateak hala onartuta.

Berriro salatzen dugu Marokok Mendebaldeko Saharan duen presentzia legez kanpokoa dela, eta ezin duela eragin juridiko edo politikorik izan saharar herriak autodeterminaziorako eta independentziarako duen eskubidea kaltetzeko.

Baieztatzen dugu Mendebaldeko Sahara Lurralde Ez Autonomoa dela, Nazioarteko Zuzenbidearen menpekoa, inoiz ez da Marokoko Erresumakoa izan, eta, horregatik, Mendebaldeko Sahararen legez kanpoko okupazioa bertan behera uzteko eta Saharako Herriak autodeterminaziorako duen eskubidea gauzatzea ahalbidetzeko exijitzen diogu.

Erreferentziatzat jotzen dugu Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salako Osoko Bilkuraren autoa, Espainiari buruzko erabakia hartzen duena Mendebaldeko Saharako iure-ko potentzia administratzaile gisa.

Marokoko Erresumari exijitzen diogu saharar preso politikoak eta kontzientziako presoak berehala aska ditzala eta kontrolatzen dituen espetxeetan giza eskubideen urraketak eten ditzala, presoen osotasun fisikoa eta psikikoa bermatuz. Era berean, elkartasuna adierazten diegu haien familiei.

Erabat gaitzesten dugu Marokoko Gobernuak bere itsas eremua Mendebaldeko Saharari zuzenean eragiten dioten uretan ezartzeko hartutako aldebakarreko erabakia, Nazio Batuen Erakundearen Itsas Eskubideei buruzko Konbentzioan adierazitakoa eta Marokok onartu duena urratuz.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Mendebaldeko Saharan Marokoko Gobernuak emandako epaiak gorabehera, baliabide naturalen espoliazioa salatzen dugu, eta zonaldean jarduten duten enpresei nazioarteko zuzenbidearekiko eta sahararren eskubideekiko errespetua exijitzen diegu, interesatuei (enpresei eta herrialdeei) Saharako Herriaren ordezkari legitimoarekin, Fronte Polisarioarekin, negoziazioei ekiteko eskatuz.

Berriro gogorarazten diegu eurodiputatuei 2019ko otsailaren 12an Europako Parlamentuan Marokorekin arrantza akordioaren alde bozkatu izana, Mendebaldeko Sahara barne, legez kanpokoa izango dela EBko Justizia Auzitegiaren epaia ez errespetatzeagatik. Horregatik, bat egiten dugu akordio horren aurka egiten diren kanpainekin, Marokok Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasunik ez duela gogorarazten baitute.

Marokoko Erresumaren eta Europar Batasunaren arteko arrantza-akordio horren onarpena salatzen dugu. Akordio hori Europako Parlamentuak onartu zuen otsailaren 12an, eta Mendebaldeko Sahara barne hartzen du, Saharako Herriaren eta Fronte Polisarioaren onespenik ez izan arren.

Nazio Batuen Erakundeari eskatzen diogu lehenbailehen susta dezala Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbide justu eta behin betikoa, eta irtenbide hori erreferenduma eginez saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea praktikara eramatea da. Eta Nazio Batuen Erakundeak Genevan duen Giza Eskubideen Kontseiluari eskatzen diogu Mendebaldeko Sahararako Giza Eskubideen errelatore bat izenda dezala”.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!