Ongi Etorri Eskolara

“Ilusio handia egiten dit nire haurrak eskolatik euskaraz mintzatzen ateratzen direla ikusteak”

Alba Cabrera Jauregi 2022ko mai. 27a, 11:10

Idoia Bengoetxea irakaslea Ariane Castro ikaslea, Andoaingo euskaltegian.

Euskara ikasteko bidean, lehenengo bultzada da AISA: dinamikoa, eraginkorra eta baliagarria. Atzerriko jatorria duten herritarrei begirako ikastaroa da, AEK-k bermatuta. Bide horretan murgildu da Ariane Castro. Ikasturte honetan eman du izena, lehen aldiz.

Amaitzear da Andoaingo AEKren AISA ikastaroa. Euskararen ateak irekitzen dizkie atzerriko jatorria duten herritarrei. Urritik ekaina hasierara bitarte, astero-astero elkartzen dira, asteazken zein ostiral goizetan. Herritarren premiaren arabera moldatzen da ordutegia, eta, bertan, euskara ikasteko lehen urratsak ematea da xedea.

Bada, bide horretan murgildu zen orain gutxi Ariane Castro andoaindarra. Ikasturte honetan eman du izena lehen aldiz, “aberasgarria izango zelakoan”. Orain hamaika urte, hain justu ere, etorri zen Brasildik eta, lehenik eta behin, gaztelera ikasteari ekin zion. Alabaina, bi alaba ditu eta D ereduan ikasten dute horiek: “Ilusio handia egiten dit nire haurrak eskolatik euskaraz mintzatzen ateratzen direla ikusteak”. Hortaz, beraiekin euskaraz komunikatzeko premiak eraman zuen AISAn izena ematera: “Gustuko dut; zaila iruditu arren, hementxe nago, pixkanaka-pixkanaka”.

Idoia Bengoetxea da bere irakaslea; zortzi bat urte daramatza herriko euskaltegian, baina aurten aritu da AISA ikastaroan lanean, Andoainen, lehenengo bider. Izan ere, urte luzez, ez da talderik egon, nahiz eta Aiztondon eskaintza bermatu den, besteak beste, Anoetan nahiz Iruran.

Orotara, bederatzi ikasle daude matrikulatuta, askotariko herrialdetatik etorritakoak, hala nola: Honduras, Brasil, Argentina, Errumania, Ekuador, Txile eta Maroko. Oso aberasgarria dela dio Bengoetxeak, “nork bere harremana izan duelako euskararekin”.

Hari horri tiraka, egunerokotasunean erabilgarriak diren espresioak (agurrak, eskerrak…) ikasten dituzte, baita koloreak, zenbakiak, hilabeteak eta aditzak ere, beste kontzeptu askoren artean. Oinarria osatzen laguntzen du AISA ikastaroak, euskararekin lehen harremana ontzen dute bertaratzen direnek, lau orduz asteko. 

Oso giro atsegina eta polita dagoela uste dute biek ala biek, hizkuntzan trebatu ez ezik, elkar ezagutu eta harremanak sendotzeko aukera ere eman dielako, motibazio osoz. Gainera, hobekuntza nabaria izan delakoan da Castro, ikasturte hasieratik hona: “Behin ikasten hasita, gainera, oso gustuko dut". Kalean, jendearen elkarrizketetan ipintzen du arreta, orain, eta geroz eta gauza gehiago ulertzen dituela dio: “Gauza berriak ikastea ez dago inoiz soberan”.

 

Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!