Joxe Aldasoro hil da

Aiurri 2022ko abu. 14a, 20:51
Joxe Aldasoro bere ondorengo hiru belaunaldiekin, aitaren irudiaren ondoan, 2022ko apirilean

Joxe Aldasoro Gonzalez 1932an jaio zen, eta lau urte zituenetik aita desagerrarazita eduki zuen, 1936ko abuztuan faxistek erail baitzuten. Harrezkero tinko saiatu zen frankismoaren biktimen oroimenari eusten, herriko beste hainbat hildakoen senideen antzera, baina zoritxarrez, ez frankismoan ezta demokrazian ere ez du ez aitari gertatutakoari buruzko egia jakiteko aukerarik eduki, eta gutxiago justizia ezagutzekoa. Futbolari amorratua izanik, Andoainen 70eko hamarkadan aitzindariak izan ziren emakumeen entrenatzailea ere izan zen Aldasoro (2016ko Aiurriko erreportajea, irakurgai).

Joxe Aldasororen gorpua Vascongada ehorztetxeko beilatokian egongo da, asteartea, eguerdiko 12:30ak arte. 

Joxe Aldasorori apartekoa bilakatu zitzaion aurtengo apirileko omenaldia, izan ere, frankismoek zapaldutakoei eskaini zitzaien ekitaldian, Kruz Aldasoro bere aitaren argazkiaren altzoan, haren ondorengo bizi diren lau belaunaldi elkartu baitziren (argazkian).

Joxe Aldasoro Gonzalezek modu krudelean jasan frankismoaren bihotzgabekeria, bere aita Andoainen okupatu zuten kolpe-zaleek erail baitzuten. Joxek lau urte besterik ez zituen orduan; Benigna Gonzalez zen bere ama, eta bi anai zituen, sei urteko Migel eta urtebeteko Patxi.

Hain zuzen, Pio Arzallus, Kruz Aldasoro, Antonio Arantzabal, Nemesio Fernandez eta Migel Amondarain Andoainen abuztuaren 29an atxilotu zituzten, eta hurrengo egunean Tolosan erail. Lau lehenak Etxeberrieta auzokoak ziren, hamasei seme-alaba gazteen aitak. Bosgarrena, Amundarain, Oria auzoko mutila zen (Andoaingoa zuen andregaiaren etxean atxilotu zuten). Faxistak Andoain abuztuaren 16an hartu zuten armez, eta berehala hasi ziren etsai gorri-separatisten zerrenda egiten, zenbait herritarren ezinbesteko laguntzarekin. Bostak lehendabiziko zerrendan sartu zituzten, eta abuztuaren 29an Tolosan erail zituzten, Tolosara eraman eta gero, esan bezala.

Boskotearen atxiloketak eta desagerrazteak egundoko inpaktua eragin zuen herrian, ekintza berak zeukan larritasunagatik ez ezik, bostak ere oso ezagunak eta estimatuak baitziren. Errepublika esku zabalik hartu zuten herritarrak zapaltzeaz gain, herritarren artean izua eragitea izan zen gertakizun harekin lortu nahi izan zutena egileek. Halaxeko erailketekin eta gainerako zapalketa motekin (atxiloketak, exilioa, ile mozketak, isunak...) izua mantentzea lortu zuten urtetan eta urtetan.

 

Memoria bizi mantentzearen aldekoa

Aldasoro Gonzalezek familiak jasandako bizipen lazgarria kontatu izan zuen Ahozko historia: oroimenean lokartutako ahotsa liburuan, eta baita frankismoaren aurkako Argentinako kereilara batzeko asmoz Andoaingo Udalaren laguntzarekin Oroituz elkarteak osatu zuen dossierrak ere jaso zuen.

Urtero, Errepublikaren eguna den apirilaren 14an frankismoak herrian zapalduen alde antolatzen den omenaldian parte hartu izan zuen. 2022ko ekitaldia berezia izan zen berarentzat, izan ere Aldasoro abizeneko bost belaunaldi bildu baitziren fusilatuen aldeko eskulturaren aurrean. Kruz Aldasoro eta 1936ko beste hainbat andoaindarrekin batera Kruz Aldasororen irudia ageri da, eta bere ondoan, bere ondorengo lau belaunaldi.

 

Andoaingo lehen emakume futbolarien entrenatzailea

Joxe Aldasoro futbolzale amorratua izan zen, eta Euskalduna taldean jokatzeaz gain, handik urte batzuetara, 70erko hamarkadan, Andoaingo lehen emakume futbolarien entrenatzailea izan zen (Aiurrin, 2016ko erreportajea, irakurgai). 2016ko Etxeberrieta jaietan, omenaldia eskaini zitzaien emakume aitzindari haie.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!