Taloa, gaztaina eta txokolatea Andoaingo Gau Beltzan

Aiurri 2022ko urr. 24a, 07:14

Gau Beltzako partaideek talo afaria egiteko aukera izango dute, datorren urriaren 31n Etxeberrieta plazan egingo den ospakizunean. 5 euroko txartelak salgai daude Urrats dendan eta Anaiak tabernan.

Txokolate-jatea, 18:00tan hasita

Goikoplazako Kontzejupean txokolatea eta bizkotxoak jateko postua ipiniko da. Mozorrotutako jendea bertan elkartu eta askari goxoaz gozatzeko aukera izango da. Batzokia elkarteko kideen laguntzari esker egingo da txokolate-jatea.

Gaztain-jatea, 19:00ak aldera

Goikoplazatik Kale Nagusian behera abiatuko da kalejira. Oinezko gunean sartu orduko gaztain-erreak jateko aukera izango dute kalejirako partaideek. Irunberriko elkarteko kideen laguntzari esker egingo da gaztain-jatea.

Talo-jatea, 20:15ak aldera

Kale Nagusitik, Zumea kalea zeharkatuz, kalejirako partaideak Etxeberrieta plazarantz abiatuko dira. Bertan egingo da azken ospakizuna. Kotoi elkarteko lagunei esker, taloa janez afaltzeko aukera izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!