Udal Musika Eskolako Bandak eta Abesbatzak urtebetetze pozgarria ospatu dute

Aiurri 2022ko aza. 20a, 21:47

Udal Musika Eskolako Bandak eta Abesbatzak kontzertu berezi-berezia eman dute Basteron gaur eguerdian, Santa Zezilia musikarien egunaren atarian. 25 urte bete ditu Mikel Emezabalek zuzentzen duen Bandak, eta 10 Katrin Iturraldek zuzentzen duen Abesbatzak. Argazki-bilduma eta bideo-sorta, ikusgai: 

Iñaki Urkizu, Mikel Laboa, Beethoven eta beste hainbat konposatzaileen obrak interpretatu dituzte (bideoak, ikusgai daude), eta tartea ere hartu dute eskerrak emateko bi musika taldeen bultzatzaileei edo arrazoi bat edo bestea dela medio falta direnei.

Txitxu Ruiz kultura zinegotziak hartu du hitza kontzertuaren hasieran, eta Bandaren zein Abesbatzaren hastapenak aipatu ditu. Alde horretatik, nabarmendu egin ditu Bandaren sorreran, 1997an, ezinbestekoak izan ziren Garbiñe Egibar kultura zinegotzia eta Garbiñe Agirre kultura teknikaria, agintaldiz agintaldi kultura sailaren kudeatzaileak eta baita, Emezabalen aurretik zuzendari izandako Aitor Gaston, Gorka Mujika eta Mirari Irurtzun; azken hori ahotan hartuta, bitxikeria gisa gaineratu du Gipuzkoako banden artean, lehen emakume zuzendaria izan zela. Aldi berean, Bandan unren batean edo bestean parte izan duten 200 musikari pasa esker oneko agertu da Ruiz.

10 urte bete dituen Abesbatzari dagokionez, kultura zinegotziak gogoratu du txikien eta gazteen abesbatzak eratu zirela lehenbizi Udal Musika Eskolan eta Katrin Iturralderen gidaritzapean, eta geroxeago etorri zela helduena. Poza agertu du azken honek, geroztik 10 urteko ibilbide oparoa egin izanagatik.

“Zinegotzi izateaz gain, abesbatzako kantaria ere banaiz, eta ohore handia da niretzat gaurko emanaldia zuekin batera partekatzea” esanez amaitu du hitzartzea Txitxu Ruizek.

 

Une hunkigarriak, falta direnak gogoratuz

Kontzertuko abesti guztiak interpretatu ostean heldu diote esker oneko une hunkigarriari musikariek, Basteron. Lore-sorta bana jaso dute bi zuzendariek Titxu Ruize zinegotziaren eskutik, lehenbizi. Emezabalek, astero-astero entseguetan guztia ematen duten abeslari eta musikariak goraipatu ditu, eta era berean, une latzak igarotzen ari den Bandako klarinete baxua hartu du gogoan, eta lore-sorta bere familiako musika-kide bati eman dio, animoak helaraziz.

Katrin Iturraldek, berriz, Bandaren historian ezinbesteko musikaria izan den Txitu Kastrori, ikusleen artean zegoenari, eskaini dio lore-sorta.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!