2001az geroztik final guztietan aritu da Mendiluze, eta seigarrengo finala izango du oraingoa. 2017koan txapeldunorde izan zen.
2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian txapeldunorde izan zen; 2001etik final guztietan aritu da. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ere birritan irabazi du: 1995ean eta 2007an. 20 urterekin lortu zuen lehen txapel hau; parte hartzen zuen lehen aldia zen.
Bilboko Bizkaia frontoian larunbatean ospatu zen azken finalaurrekoaren ondoren erabakita geratu zen nortzuk kantatuko duten Iruñeako finalean, abenduaren 18an.
Honatx nolako puntuaketa lortu zuten sei bertsolariek: Amets Arzallus (662), Aitor Mendiluze (661), Jone Uria (637,5), Joanes Illarregi (621), Maddalen Arzallus (609,5) eta Saioa Alkaiza 608,5 puntu.
Mendiluzek saio bikaina osatu zuen Bilbon (saio osoa ikusgai, Bertsozale elkartearen webgunean), ariketa guztietan erakutsiz, beste behin, bertsoa osatzeko orduan berezkoa duen zorroztasuna eta ideak harilkatzeko erraztasuna. Amets Arzallus izan zuen kanturako bikote hamarreko txikiko ariketan. Honako gaia jarri zien Idoia Anzorandia gai-jartzaileak: “Alderdi bereko politikariak zarete. Aitor, urte luzez izan zara alkatea. Udal hauteskunde hauetan Amets izan da zerrendaburu, eta hauteskundeak irabazi dituenez, bera izango da hurrengo alkatea. Gaur deitu dizu eskualdatzea adosteko eta abiatzeko”.
Puntuak emanda bertsoa osatzeko ariketan, maisutasunez kantatu zituen bi bertsoak. Hona bi puntuak: “Beti korrika eta presaka gabiltza”, “zertarako hartu nahi zenuke denbora”.
Ganbarako gaian (“Kanporatu egin zintuzten. Bizitza erabat aldatu zaizu”), itsasoa gurutzatu ostean Melillara iritsi den migratzailearen larrutan jarrita, ederki osatu zituen hiru bertso.
Andoainen, poztasun bikoitza
Andoaingo bertsozaleak pozez kabitu ezinik dabiltza Aitor Mendiluze finalean sartu izanagatik. Baina aipatu beharko genuke badaukatela alaitzeko bigarren arrazoi bat; hain zuzen, Joanes Illarregik eragindakoa. Leitzako gazteak eman du ezustekorik handiena txapelketa honetan, finalerako txartela lortuta. Eta gogoan izan dezagun bertakoa duela ama, eta bertan bizi direla bere hainbat senide, eta herriarekin eta bertako herritarrekin beti eduki duela harreman berezia.
Iazko maiatzean Goiburu auzoan ospatu zen bertso saioan, jarraitzaile ugari dituela ikusi zen.
Bilboko saioan, ganbarako bi ariketetan (bi puntuak jarritakoan eta gaian) zein gainerakoetan erakutsi zuen bertsokera zuzen eta freskoak bertsozaleen txalo zaparradak eragin zituen, eta Iruñeko finalera ere beste hainbeste lortzera joango da.