Sahararen alde Basteron egindako bertso saioko hainbat bertsoaldi, ikusgai

Xabier Lasa 2023ko mar. 20a, 10:00

Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Alaia Martin eta Amets Arzallus bertsolariek Sahararen aldeko bertso-saio polita osatu zuten Basteron igande eguerdian, Maddi Etxeberria gai-jartzailearen esanetara. Hamabost urteko ibilbidea egin du bertso-saioak, eta ezinbesteko hitzordu bilakatu da bertsozale ugarientzat. Bertsoaldi bikainak entzun ahal izan zituzten, eta horietako batzuk ikusgai daude bideoz, klik eginda:

Sahararekiko elkartasuna eta salaketa hizpide zituzten bertsoak entzun ziren, baina baita ere aktualitateari lotutako beste hainbat gai, izpiritu kritikoaz eta umoreaz zipriztinduta maiz. Horien artean: oraindik orain Andoainen itxi behar izan dituzten bi denda, Oria ibaiaren ertzen garbiketa, lagunen arteko xextra Aste Santuko oporretan nora jo erabaki ezinik, elikagaien prezio-igoera dela eta kontsumo jaitsiera, ETB2ko Akelarre saioa, Irati filma arrakastatsua, Andoaingo alkate gaiak…   

Bertso-saioaren hasieran, ekitaldia antolatu zuen Hurria Sahara elkarteko Maitane Lopez de Munain kideak Saharako herriak bizi duen duen bidegabekeria historikoa gogorarazi zuen, eta horretarako, Sultana Khaya aktibistaren azken urtetako ibilbidea kontatu zuen; etengabeko jazarpena jasaten ari da Marokoko gobernuaren aldetik.     

Aldi berean, jatorriz sahararra den eta Bizkaian bizi den Ismael Aomar bertsolariaren bi bertso audio bidez entzun zuten Basteron bildutako bertso zaleek, bertso-saioa hasi aurretik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!