Basteron egingo dute Andoainen frankismoak zapaldutako biktimen aldeko ekimena

Aiurri 2023ko api. 15a, 09:15

Basteroko beheko aretoan, eguardiko 12:00etan egingo da Andoainen frankismoak eragin zituen biktimen aldeko omenaldia. Ohiko lekutik, Etxeberrietan dagoen eskulturako eremutik, Basteroko beheko aretora eraman dute azken unean, eguraldia kaskarra dela medio.

2006az geroztik egiten den omenaldi-ekitaldia da, Oroituz elkarteak antolatuta. Iazko argazki eta bideoak, ikusgai daude Aiurriren webgunean.

Gaurko ekitaldian, erail eta desagerrarazi zituzten 25 laguni lore eskaintza eskainiko zaie. Bertan, Maizorri Txalaparta eskolako kideek, Urkiko dantzariak (aurreskua), eta Bidasoaldeko Kepa Ordoki eta Oroituz elkarte memorialistek hitza hartuko dute.

 

"Maravillas" abestiaren bertsioa, Banda Errepublikanoaren eskutik

Ekitaldiaren bigarren zatian, Andoaingo Banda Errepublikanoak abesti antifaxistez osatutako musika-emanaldia eskainiko du, Joxe Mari Oiartzabalek zuzenduta. Besteak beste, Nafarroako memoria historiakoren aldeko kultur ondarean hizki larriz jartzen den "Maravillas" abestia interpretatuko dute, Aiurriri eskainitako elkarrizketan, Bandako kide diren Maripi Arruizek eta Merce Brauk adierazi zuten bezala. Oiartzabalek berak konposatutako “Justizia” abestia ere gaurko errepertorioan sartzeko asmoa dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!