Lagunen idatzia Joxe Ramon Ansari

Xabier Lasa 2023ko mai. 11a, 07:13

Joxe Ramon Ansaren adiskideak ordezkatuz, aurreko larunbateko omenaldi ekitaldian, Joxe Martin Arregik irakurri zuen idatzia.

“Lorerik gabeko maiatza. Maiatz zikiratua. Zer arraioetarako nahi dugu bizitzarik gabeko Maiatza?” zioen poetak.

Halako zerbait sentitu nuen neuk ere 1979ko maiatz hartan, amorru bizian.

Honuntza nentorrela landa-gune inguruko irrati saio bat entzunez gogora etorri zaizkit Upategira sagarrak biltzera etortzen ginen une haiek.

Guretzat erdi jolasak, egia esan. Ikasturte garaiak ziren eta Joxe Ramonek ikastolako liburuetan agertzen ez ziren zenbait ikasgai irakatsi zizkigun: zeuden sagar motak, errezil sagarrak, santio sagarrak, udare sagarrak, piku sagarrak, sagar gaziak, sagar gezak…

Beste batean, berriz, hor etorri ginen laupabost kalekume belarretan laguntzera. Pazientzia handiz irakatsi zigun metak nola egiten ziren. Huraxe izan zen gure bizitzako lehen belar-meta.

Gauzak zer diren, irratia entzun eta gero zorte handiko mutilak izan ginela pentsatu dut. Izan ere, ordurako Jakoba moduko jakintsua bait genuen alboan.

Ez dugu lorerik gabeko maitz gehiago nahi!

Baina ez dugu Joxe Ramonenganako oroimena ahaztu nahi eta hemen uzten dugu gure lore-meta xumea. Gogoan daukagun bitartean, bizirik jarraituko baitu gure artean

Joxe Ramon, gogoan zaitugu!!”

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!