Gau Beltza aurkezteko agerraldia, datorren astelehenean

Aiurri 2023ko urr. 5a, 19:27

Larramendi Bazkunak antolatuta, Udal ordezkariak eta gizarte eragileak batuko dira agerraldira.

Iaz, arrakasta handiz ekin zitzaion Andoainen Gau Beltzaren antolaketari. Herri osoari begira antolatutako ospakizuna izan zen, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak bideratuta. Ezusteko atsegina izan zen, herritar askok parte hartu baitzuten. Eta herritarren erantzuna ona izan bazen, zer esan herriko eragileei dagokionez. Denen artean festa oparoa antolatzeko gaitasuna erakutsi zuten, eta hori bera motibagarria izan da 2023ko edizioari begira.

Maizorriko txalapartariak, Lebiton konpartsa, Irunberri eta Batzokia elkartea... Aurten, aipaturiko herri eragile horiez gain, Urki dantza taldea eta Salkin merkatarien elkartea batuko dira festara. Parte-hartze oparoa izango du, beraz, aurtengo ospakizunak.

2022ko edizioan jaiaren oinarriak finkatu baziren ere, 2023an horiek indartu eta ekimen berriak abiaraziko dira. Datorren urriaren 9an jaiaren xehetasun gehiago emango dituzte, Plaza Morean iluntzeko 19:00tan deitu duten agerraldian. Baina dagoeneko aurreratu daiteke Batzokian prestaturiko txokolate beroa dastatzeko aukera izango dela Goikoplazan, eta nahi duenak nahi adina beldur igaro ahal izango duela Kale Nagusiko Irunberri elkartean egokituko duten beldurraren pasabidean.

Goikoplazan hasiko da ospakizuna, urriaren 31n. Eta Kale Nagusia eta Zumea kalea zeharkatu ondoren, azken traka Etxeberrieta plazan izango da. Talo jatea, besteak beste, Kotoi elkartearen kanpoaldean izango da. Jaiaren sentsibilizazio lanetan murgilduko da Larramendi Bazkuna, egun hauetan. Helburua kalez kale eta dendaz denda jaiaren berri ematea izango da. Iaz bezala, Gau Beltza ospakizun dotorea eta parte-hartzailea izan dadin.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!