"Eguna egunekoentzat, gaua gauekoentzat…!"

Aiurri 2023ko aza. 2a, 11:02

Azala eta mamia, bietatik du Andoaingo Gau Beltzak. Sua, piroteknia, mozorroa, dantza... estetika lantzeko ezinbesteko osagaiak dira. Zer da Arimen Gaua izenburupean ospatzen duguna? Goikoplazako antzezlan laburrak mamiari heldu zion.

Gau Beltzaren tradizioa aspaldikoa da. Irlandan abiatu eta aldaera ezberdinak izan ditu, mundu zabalean. Gurera etorrita, Euskal Herrira etorrita, badira tradizio zaharraren aztarnak. Azala eta mamia, biak laburbildu zituzten antzezlanaren amaiera aldera: "Zuek, nor nahi duzue sentitu? Itxi begiak eta pentsatu! Arimak ezin ditugu ikusi, baina gure artean daudela sentituko dugu. Haizea ez dugu ikusten, baina gure masailak laztantzen ditu.  Tristura ez dugu ikusten, baina bihotzean mina sentitzen dugu. Poza ez dugu ikusten, baina kilimak sentitzen ditugu sabelean. Joandakoak pozez eta maitasunez gogoratu, gau honetan beraiek gu ikusiko bait gaituzte eta guk haiek sentitu. Guri dagokigu galdutakoa berreskuratu eta segida ematea. Aukera gure esku dago! Ez dakigu jaio aurretik non gauden, ezta hil ondoren nora joango garen; bizitza honetan garrantzitsuena bizitzea da, beraz, gaur eta orain,… kalabazak hustu, kandelak piztu, beldurra eragin eta iluntasuna bizi! Eguna egunekoentzat, gaua gauekoentzat…!".

Aktore-taldea

Leire Nuñez, Xune Ubeda, Oihana Arruti, Oihana Sanchez eta Juanjo Elordi aritu ziren aktore lanetan. Haien kontakizunaren eskutik murgildu ziren Goikoplazako ikusleak, Arimen Gauan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!