Mikel Ansa Goenaga andoaindarra zendu da

Aiurri 2024ko ots. 5a, 20:56

Berriki alargundu zen, Arantxa Zeberio emaztea hil baitzen abenduaren 16an. Andoaingo Upategi baserrian jaioa, Laborden aritua zen lanean baina bolada luzea batean bere tailerrean jardun zuen. 

Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzen duen ahotsak.eus webgunean lekukotza ugari utzi zituen.

Hileta-elizkizuna bihar arratsaldean izango da San Martin Tours elizan, 18:30ean hasita.

 

Memoria bizirik eusteko, testigantza emailea

Gizartean arrasto sakona utzi ostean zendutako pertsonen memoria bizirik mantentzen tinko jardun zuen Mikel Ansak, horretarako indarrak izan zituen bitartean. Urrutira gabe, euskal mendizaletasunaren historian egundoko balentriak egin zituen Xabier semearen memoria. 1996ko uztailaren 3an, Urriellu haitza (Europako Pikuak) eskalatzen ari zela hil zenaren biografia osatu zuen Ramon Olasagastik Mendi minez (2007) liburuan, eta horretan lagundu zioten Arantxa Zeberio emazteak eta biek.

Bestalde, Ansak parte hartu zuen Oroituz elkarteak Andoaingo Udalaren laguntzarekin Tolosako eta Buenos Aireseko (Argentina) epaitegietan 2019an ipini zuen frankismoaren krimenen kontrako kereilan.

Kereilan pertsonatu ziren 22 biktimetako bat izan zen bera.

Kereila hartan, batetik, Jose Antonio Ansa Ulanga (Andoain 1917-Bizkaia, 1937) osabaren kasuarekin lotutako testigantza eman zuen. Jose Antonio Ansak altxamendu militarra piztu eta agudo egin zuen bat Errepublikaren defentsan, ezkerreko milizietan parte hartuz, eta Bizkaiko frontean, 1937ko martxoan hil zuten. Bere gorpuarekin zer gertatu zen ez zuen jakin familiak sekula. Haren arrastoak non ote ziren galdetu izan zuen makina bat alditan Mikel Ansak.

Bestetik, 1979ko maiatzean BVE talde paramilitarrak erail zuen Joxe Ramon Ansa Etxeberria ilobaren kasua ere eraman zuen kereilara. Hiltzaileek, diktaduratik inpunitate osoz zetozen estatuko aparatuen babesa izan zutenaren ustea eduki zuen beti Mikel Ansak. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!