Zuhaitzen landaketara gonbidatu ditu herritarrak, Eguzki elkarteak

Xabier Lasa 2024ko mar. 1a, 16:32
Baso Biziak elkarteko Edu Zabala, eta Andoaingo Eguzkiko Imanol Etxeberria, Olaia Garcia, Uxue Iturriondobeitia eta Garikotz Plazaola

Martxoaren 2an, larunbatarekin egingo da, Muntto mendi ttonttorraren magalean, “Andoaingo Mendiak” izeneko herri lurretan. Ordubeteko ibilbidea dago Munttora iristeko, Iyuyako (Idoiaga) gainetik igarota. Bestalde, ikus liteke, Baso Biziak elkarteko Edu Zabalak Basteron otsailaren 21ean eman zuen hitzaldia, zuhaitz autoktonoetan oinarritutako basogintzaren alde (bideoa behean).    

Hitzordua Otietan jarri dute, tunelaren ondoan, goizeko 09:00etan.

Eguzkiko kideek mendiko arropa eta botak eramatea gomendatzen dute. Bestalde, jakinarazi dute eurek eramango dituztela jatekoak eta edatekoak, eta baita ere landaketarako tresnak ere.

Hala ere, gehitu dute, norbaitek aitzurra edo-eta palaren bat badu eraman dezala gomendatzen dute. Izena emateko honako telefonoa jarri dute: 688662532.

Edozein galdera egiteko ere balio du telefonoak.

Hona, Baso Biziak elkarteko kide den Edu Zabalak Basteron otsailaren 21ean egin zuen hitzaldian, Andoaingo Eguzki taldeko Olaia Garciak egin zuen gobidapena:

 

Gipuzkoako Foru Aldundia arduratu da, lur-sailaren prestaketa lanez eta landareez.

Larunbateko landaketak bi helburu nagusi bete nahi dutela adierazi du Eguzki taldeak. “Batetik, basoen garrantziaz kontzientzia hartzea, hots, egoera onean egoteak gizarteari ematen dizkion onura ugariaz jabetu gaitezen. Eta bestetik, orain arte herri lurrak kudeatzeko politika aldatu beharra dagoela aldarrikatzea”.

 

Baso bizia, gizartearen mesedetan

Basoek daukaten garrantziari lotutako kontzientziari dagokionez, Eguzkik adierazi du horiek betetzen dituzten funtzioak ekosistemikoak direla, eta horiek zeintzuk diren zehaztu du: “atmosferan dagoen karbono dioxidoa CO2a oxigeno eta biomasa bilakatzen du, klimaren gorabeheren ondorioak apaltzen laguntzen du, ura araztu eta erregulatzen laguntzen du, uholde naiz luizi arriskuak arindu, gordailu genetikoa da, egurra ekoizten du, aisi-gune bihurtzen da… Pentsa onura guzti horiek dirutan ebaluatu beharko bagenitu…”.

Basoa aipagai izanik, Eguzkik gogorarazi du Andoaingo Udala Andoaingo Udala 668 hektareen jabe dela Leitzaran bailaran, “horietatik gehienak Onddo-Aizkorriko mendien magalean eta Ubaran errekaren bailaran daude. “Andoaingo Mendiak” bezala ezagutzen dira, Foru Aldundia arduratzen da bere kudeatzailea, eta herri onurako mendien izendapena daukate”.

 

Kezka, Andoaingo basoen kudeaketagatik

Eguzkik gaineratu duenez, izendapen horrek basoen funtzio ekosistemikoak era egokian betetzea eskatzen du. Nolanahi ere, kezka agertu du, bere ustetan hori ez delako gertatzen gaur egun. “Bertako espezieak %20 baino ez dira heltzen, eta kanpokoak, berriz, gehienak koniferak (460 hektareetatik gora), %71 gainditzen dute; gainontzekoak mendiko belardiak dira).

Gainera, sail gehienak etekina lortzeko asmoz kudeatzen direnez, maiz erabat soiltzen dira sailak, baso helduak izatera iristeko aukera errotik zapuztuz”.

Era horretan, Eguzkiak Andoaingo udalari eskatu dio “Andoaingo Mendien kudeaketan zuzenki parte har dezan eta kontserbazioaren aldeko apustua egin dezan, ustiaketaren jarduna alde batera utziz”.

Landaketa, pinudia izan zen sailean Administrazioari basoen kudeaketan norabide aldaketa eskatzeko, eta bertako espezien aldeko filosofiari eusteko, zaharkitutako pinudi batean egingo dute landaketa larunbatean; 1,9 hektarea dituen lurzoruan, bere heren batean, pagoak eta haritzak landatuko dituzte, hain zehazki.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!