“Mendoza Txurreria”ko Santiago Mendoza hil da

Aiurri 2024ko mar. 22a, 12:18
Juana Escribano eta Santiago Mendoza, Virgilio semearekin, 1996an

Santiago Mendoza asteazkenean hil zen, 91 urte zituela. 1996an, Andoain utzi eta Alacantera joan zen bizitzera, Juana Escribano emaztearekin eta Virgilio semearekin batera. Emaztea, 2016an hil zen. Hileta elizkizuna Andoainen egingo da, San Martin parrokian, datorren astelehenean, 18:30etik aurrera.

Mendoza Escribano familiak “Mendoza Txurreria” saltokia Kale Berrian 1960-1996 aldian irekita eduki zuen.

Txurreriaren eta bera kudeatu zuen Mendoza Escribano familiaren oroitzapena betidanik gorde izan dute makina bat andoaindarrek, negozioa irekita ezagutu eta bertan saltzen zituzten txurro goxoak probatzeko aukera eduki zutenek batik bat.

Oroitzapen horrek bultzatuta, 2023ko irailaren 30ean, ekitaldia egin zuten txurreria egon zen leku berean, Burdina taldeak antolatuta. Bertan, txurro-saltokiaren argazki erraldoia eta eserlekua (hitzorduetan zain egoteko) ipini zituzten, eta aldi berean, bere historia kontatzen duen liburuxka plazaratu zuten.

Virgilio Mendoza, Burdina elkarteko kideekin, ekitaldian

 

Ekitaldi hartako argazki-bilduma eta bideoa, ikusgai, hemen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!