Gipuzkoako 1936ko haurren inguruko erakusketaren irekitze hunkigarria egin zuten atzo

Xabier Lasa 2024ko ira. 20a, 14:43

Atzoko Arrasateko ekitaldea. (Argazkia: ©Roberto Trutxuelo)

1936an erbesteko bidea hartu behar izan zuten haurren inguruko “Orratz-begia. 1936-Gipuzkoako gerra haurrak” erakusketa zabaldu zuten atzo, Arrasaten. Ekitaldia jendetsu eta hunkigarria izan zen, eta eskualdetik, Emilio Truchuelo andoaindarrak hartu zuen parte.

Atzoko ekitaldiaren kronika eta argazki-bilduma, Goiena aldizkari digitalean ikus liteke.

Aldi berean, Roberto Trutxuelok egindako argazki galeria hemen ikusgai:

Erakusketa urriaren 12ra arte egongo da zabalik Arrasateko Kulturateko Klaustroan, eta hortaz gero, herriz herri ibiliko da.

Debagoieneko Intxorta 1937 Kultur Elkartea dabil azken urtetan Gipuzkoan 1936ko gerran erbesteko bidea hartu behar izan zutenen inguruko lanketa egiten, eta horren emaitzetako bat da Arrasaten atzo ireki zuten erakusketa. Hain zuzen, iaz, Debagoieneko elkarteko kide den Juan Ramon Buruntzaldean aritu zen ikerketa lanetan.

 

Aitortza ekitaldia nagusia, Kursaalean iaz

Donostiako Kursaalean gerra umeen oromena aitortzeko eta aldarrikatzeko ekitaldi nagusia burutu zuten, 2023ko martxoaren 18an, Aldundiak eta Intxorta 1937 elkarteak elkarlanean. Bertan, oraindik bizi diren gerrako umeak izan ziren gonbidatu bereziak.

Ekitaldiko hainbat argazki, hemen:

 

Ekitaldia osorik, ikusgai, hemen:

 

1936ko haurren zentsua, kontsultagai

Intxorta 1937 elkarteak Gipuzkoako 1936ko erbesteratutako haurren zentsua eta bakoitzarekin egindako fitxa kontsulta litezke, geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoaren webgunean.

 

"Andoaingo haurrak erbestean" dokumentala

1936ko Gipuzkoako haurrak aipatzen hasita, egoki da gogoratzea nola egin zuten "Andoaingo haurrak erbestean" dokumentala 2014ko apirilean, Andoaingo udal artxiboak bultzatuta. Andoaingo bost haurren (Manoli Díez de Uré, Emilio Truchuelo, Natividad Martinez eta David eta Joseba Barandiaran anaiak) lekukotzak biltzen dituen ikus-entzunezkoa da, eta ikusgai dago:

Karmele Otaegi eta Marta Trutxuelo Udal artxibozainek egin zuten dokumentaleko gidoia eta beraiek zuzendu zuten lana; Beatriz Amondarain eta Ignacio Zabala arduratu ziren errealizazioaz eta muntaiaz. Musikaren konposizioa, azkenik, Alberto Rubio gaztearen esku geratu zen. Diputazioaren diru laguntza jaso zuen ikus-entzunezkoak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!