Mozorroa aukeratzeko garaian, euskal kutsuko osagaiekin apaintzeko deia luzatu du antolaketak. Zapiak eta kapelak, esaterako, ospakizunaren ikur bilakatu dira. Bada, dagoeneko, elementu horiek eska daitezke Goikoplazan dagoen Keinu dendan.
Talo-jatea, Etxeberrieta plazan
Goikoplazan txokolate-beroa hartu bitartean, Urki dantza taldeak Gau Beltzari egokitutako saioa eskainiko du. Antzezle talde batek ospakizunaren euskal jatorria gogoan hartuko du eta, jarraian, "Akerrak Okerrak" kalejirari hasiera emango dio A&B Shows Donostiako konpainiak. Akerrak, zangoluzeak, pirotekniazko elementuak... ikusgarria izango da. Kalejira Kale Nagusitik igaroko da eta gaztetxoek bertan aurkituko dute Beldurraren pasabidea. Ospakizunaren azken txanpa Etxeberrieta plazan izango da: Talo-jatea eta zezen-suzkoa, hurrenkera horretan biribilduko da jaia.
Urriaren 21ean taloa erosteko txartelak salgai jarriko dira. Aurrekoetan taloak izan duen arrakasta ikusita, komeni da txartelak garaiz eskuratzea. Txokolatea, hirugiharra, gazta, txistorra... osagai ezberdinekoa eskatu ahal izango da. Jana eta edana ziurtatuta, Lebiton konpartsak emango dio amaiera ospakizunari.