Gau Beltzan murgilduko da Andoain, hilaren 31n

Aiurri 2024ko urr. 24a, 07:49

Urriko azken ostegunean udalerri osora zabalduko da euskal kutsuko ospakizuna. Aurreko bi edizioetan izan den parte-hartzeari erreparatuta, hirugarrena ere ospakizun jendetsua izango da.

Kalabazak hustu eta bide bazterrean jarrita, beldurra eragitea zen aspaldiko ohitura. Etenaldia izan zen urte luzez eta, hamarkada luzeren ostean, Euskal Herriko hainbat txokotan ospakizuna biziberritzen ari dira, Gau Beltza izenburupean. Andoainen hirugarren urtea da jaia ospatzen hasi zirenetik, eta orain arteko erantzuna bikaina izan da. Aurtengoa ere bide beretik joango dela aurrikusten da. Arratsaldean hasiko da ospakizuna eta osagaiak ez dira gutxi izango: txalarpata, dantza, antzezpena, kalejira, beldurraren pasabidea, zezen-suzkoa... Ekitaldiak bata bestearen atzetik kateatuko dira. Bidean, jaki goxoak dastatzeko aukera izango da: 500 lagunentzat txokolatea banatuko dute Batzokiko lagunek, Irunberrin gaztain erreak emango dituzte eta Kotoi elkartean 300 talo prestatuko dituzte.

Kalabaza eta gaztaina, udazken sasoikoak

Udazkeneko fruituak dira biak ala biak, udan zaindu ondoren, urtaro honetan jasotzen baita uzta. Andoaingo ospakizunean biak dira garrantzitsu, arrazoi ezberdinak tarteko. Gaztaina labean erreta jateko aukera izango dute Beldurraren pasabidean parte hartuko duten ausartek. Saria ala ziria? Bada, Irunberri elkarteko saria gaztaina izango da. Aiurri astekariko orrialdeetan bilduta, udazkeneko jaki goxoaz gozatzeko aukera izango dute haur eta gaztetxoek.Kalabaza, bestalde, jolaserako erabiliko da Andoaingo ospakizunean. Izan ere, lehiaketa dibertigarria abiatu zen iaz. Kalabaza handi bat jarri zen ikusgai, eta haren pisu zehatza asmatzea zen xedea. Euro bateko prezioan, oraingoan ere zeresana emango du lehiaketak. Goikoplazan, lehenik, eta Etxeberrieta plazan, ondoren, lehiaketan parte hartzeko aukera izango da. Irabazleak sari ederra eramango du etxera: Aspilla baserriko saskia. Nola ez, garaian garaiko jakiez hornituta. Urriaren 31 iristear da. Festa handia izango da Andoainen.

Jaiaren hasiera, Goikoplazan

Txokolatea jan eta gero, jaialdiko lehen zatia biribiltzeko ekitaldia izango da plazan bertan. Txalaparta doinuen ondoren, antzezpena izango da eta, jarraian, Urki dantza taldearen emanaldia.

Beldurraren pasabidea, Kale Nagusian

Goikoplazatik "Akerrak Okerrak" kalejira abiatuko da eta Kale Nagusian barrena igarotzean, Irunberri elkartean ipinita izango da Beldurraren etxea.

Zezen-suzkoa, Etxeberrieta plazan

Gaueko 21:00ak aldera, eguraldiak ezustekorik ematen ez badu behintzat, Lebi zezen-suzkoa aterako da Gau Beltzaren hirugarren edizioari amaiera emateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!