Aske geratu da Axier Oiartzabal, zigor osoa beteta

Aiurri 2025ko eka. 17a, 13:50

Axier Oiartzabalen alde egindako ekimenetako bat, Goikoplazan, 2021eko urrian

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, aske geratu da preso andoaindarra. 2001eko irailean atxilotu zuten Frantziako estatuan, eta 24 urte egin ditu kartzelan guztira, hortaz. 2024ko maiatzean, 3. gradua ezarri zioten eta, 2024ko abenduaz geroztik, baliabide telematikoen bidez bete du zigorra.             

Andoainen hainbat ekimen egin izan dira Axier Oiartzabal Txapartegiren askatasuna eskatzeko, kartzelan egin dituen 24 urte horietan.

2016ko azaroan, Frantziako estatuko presondegi desberdinetan 15 urte zeramatzala preso, hainbat ekimen (giza-katea, senideen lekukotzak biltzen zituen ikus-entzunezkoaren aurkezpena, mahai ingurua...) antolatu zituzten (ekimenaren bultzatzaileekin egindako elkarrizketa, hemen). 

Handik bost urtera, 2021eko urriaren 1ean hain zuzen, hainbat familia-kideek, lagunek eta herrikideek bere aldeko elkarretaratzea egin zuten, Goikoplazan. Elkartasuna adierazi, eta laster etxeratzeko nahia azaldu zuten ekitaldi hartan; horrez gain, Oiartzabalen hitzartzea agertzen zuen bideo bat zabaldu zuten, eta elkartasun argazkia atera zuten.

2023ko urriaren 10ean, Etxerat elkarteak zera jakinarazi zuen ohar baten bidez, "Asier Oiartzabal Txapartegi preso politiko andoaindarra, Lannemezaneko espetxetik (330 km) Martuteneko espetxera hurbildu dute. 22 urte daramatza espetxean preso eta, legeak jasotzen duen bezala, berak eskatu du Frantziako kondena bete arte Euskal Herrira ekartzea".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!