Festa-giroan aurkeztu dituzte Jabekuntza Eskolako hamabi ikastaroak

Aiurri 2025ko ira. 12a, 15:14

Jabekuntza Eskolaren aurkezpen jendetsua egin zuten atzo, Urigain kultur etxean. Batukada Feministak egin zien harrera ekitaldira hurbildu zirenei, eta udazkeneko Jabekuntza Eskola osatuko duten hamabi ikastaroak aurkeztu ostean, Anuk eta Elene abeslari gazteen musika emanaldi gozoarekin eta zizka-mizkekin eman zioten jarraipena festa-giroan ospatu zen aurkezpen ekitaldiari. Argazki-sorta eta bi bideo (Batukada eta Anuk eta Elene):

Haizea Barandiaran Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun sailetako zinegotzi ahaldunak eta Ianire Huizi berdintasun teknikariak aurkeztu zituzten aurtengo udazkeneko Jabekuntza Eskola osatuko duten hamabi ikastaro edo egitasmoak.

Honakoak dira: Batukada feminista, DJ ikastaroa, ongizate emozionalerako eta autozainketarako lantegiak, arte garaikide feminista III, mendi orientazioa, oinarrizko brikolaje lantegia, amatasunak feminismotik, biodantza, kosmetika naturala, zoru pelbikoa konkistatuz, menopausia baino haratago doan klimaterioa, eta, jatorri anitzetako emakumeen elkargune multikulturala.

 

Liburuxka, informazio osoarekin

Egunotan, etxez-etxe ari dira banatzen ikastaroen gaineko azalpenak ematen dituen liburuxka. Doakoak dira ikastaro guztiak.

Informazioa eskatu edo izena emateko bide ugari zabaldu dituzte:

- webgunea: jabekuntza.andoain.eus.

- Andoaingo Udaleko Berdintasuna saila.

- Telf. 943300830 (luzapena 380-385).

- Berdintasuna@andoain.eus.

- Andoaingo Udaleko ATARIA zerbitzua.

Ahalduntze-prozesuen bidez, emakumeen parte-hartze soziala eta politikoa sustatzen du helburu Jabekuntza Eskolak. Ahalduntzea aipatuta zer ulertzen den azaltzen da liburuxkan: “Emakumeok beren izaeraren kontzientzia hartzea, autoestimua lantzea, guren gaitasun propioak ezagutzea era emakumeoi dagokigun espazioa berreskuratzea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!