[URRIAK 31, OSTIRALA]

Gau Beltzaren edizio berria, hilabete honetan

Aiurri 2025ko urr. 3a, 18:09

Urriaren 31n, ostiralarekin, Gau Beltzaren laugarren edizioa antolatuko dute Andoaingo euskaltzaleek. Arratsaldean hasita, Goikoplazan, Plaza Morean, Kale Nagusian eta Etxeberrieta plazan hainbat hitzordu izango da. Aurrekoetan bezala, txokolate beroa, dantza eta antzerki emanaldia, kalejira, talo-jatea, zezen suzkoa eta abar.

Andoainen Gau Beltzaren aurrekariak ezagututa, aurten ere jendetza espero da. Neurria zenbakitara eramanda, honatx hainbat kopuru adierazgarri: txokolate beroa 500 lagunentzat prestatzen da eta 300 talotik gora saltzen dira.

Auzolana, jaiaren oinarrian

Aiurri eta Manuel Larramendi Kultur Bazkuna dira jaiaren antolatzaileak, Andoaingo Udalaren eta Salkinen babesarekin. Baina askotxo dira jaian murgiltzen diren eragileak: Elkarte gastronomikoak (Kotoi, Irunberri, Santa Krutz Peña eta Batzokia), merkatalguneak (Keinu, Urrats eta Salkin) eta kultur eragileak (Lebiton konpartsa, Maizorri eta Urki). Bidelagunak, gainera, askotxo dira: Aurkezle, aktore, zaindari, antolatzaile, sukaldari eta zerbitzari lanetan dabiltzan hamaika euskaltzale.

Gau Beltza urriaren 31n ospatuko da Andoainen. Hainbat lan egiteko laguntzaileak behar dira.

ZURE LAGUNTZA BEHAR DUGU

Gau Beltza auzolanean antolatzen ari gara Andoainen. Bide-segurtasuna bermatzeko boluntarioak behar ditugu eta taloak prestatzeko eta zerbitzatzeko ere bai. Laguntza emateko prest bazaude, bikain! jar zaitez antolatzaileekin harremanetan:
e-posta: andoain@aiurri.eus
whatsappa: 619 16 35 37

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!