"Sariz beterik dator hilaren 15eko tonbola"

Jon Ander Ubeda 2025eko azaroaren 7a

Datorren hilaren 15ean, Goikoplazan, gastronomia eta artisau azoka antolatu du euskara elkarteak. Iaz bezala, sariz ondo hornituriko tonbola antolatu dute. Nago Huizi Manuel Larramendi Kultur Bazkundeko eragilea da eta azokaren antolatzaileetakoa.

Azoka antolatu duzue azaroaren 15erako. Zein postu izango da Goikoplazan?

Postu ugari izango da Goikoplazan, egun osoan: Ilgora teak, Bejondeizula barazkiak, Iztueta esnekiak eta Zituene pasta obradore kooperatiboa hurbilduko dira Andoainera. Horiez gain, elikagaiak eta bestelako produktuak saltzen dituzten Napar Bideak elkarteko hamabost ekoizle gehitu behar ditugu. Haiek guztiak gutxi ez eta artisau gehiago lotu ditugu: Andoaingo Rbelde, Mxuk (poltsak), Basoko maxuxta (belarritakoak eta ilustrazioak), Artea soinean (kamisetak eta arropa), Mouxuka (lepokoak, arropa, diru-zorroak).

Iaz, Txomin Parrillak eta Iker Etxebesteren garagardoak arrakasta itzela izan zuten?

Hala da, eta aurten ere gure artean izango dira. Beraz, pintxo goxoak eta artisautzazko garagardoa dastatzeko aukera izango da.

Eta ezin aipatu gabe utzi Tonbola. Eskuetatik kentzen zizkizuen txartelak, iazkoan.

Euro bateko laguntza ematen dutenen artean dozenaka sari on banatuko ditugu. Askoren artean, bizikleta, talasoterapia saioak, otorduak, Errigorako saskiak, sarrerak... Ezin aipatu gabe utzi Andoaingo dendariak. Askok egin dute ekarpena eta oso eskertuta gaude.

Azoka antolatzeko lagun askoren beharra duzue. Boluntario asko batu dituzue?

Bai, eta haiei guztiei esker egin ahal izango da. Bestela, ezinezkoa litzateke. Manuel Larramendi Bazkuneko kideen artean dugun Whatsapp taldetik laguntza-eskaera egin genuen eta, honezkero 30 lagunek eman dute izena. Oso erantzun ona jaso dugu, iaz bezala. Eta antolatzaileen izenean eskerrak eman beharrean nago.

Iaz, jendetza hurbildu zen. Erronka 2024koa errepikatzea izango da.

Eguraldiak lagunduz gero, iaz bezala, azoka jendetsua izatea espero dugu.

Azaroak 15, larunbata. Egitaraua

Gastronomia eta artisau azoka izango da, baina ekitaldi osagarririk ez da faltako Goikoplazan.egun osoko plana antolatu dute:

11:00 Azoka irekiera.

12:30 Anuk eta Elene zuzenean.

16:30 Toka txapelketa.

18:00 Irrintzi txapelketa.

19:00 Komerik erromeria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!